Pasaia Hiria Olerki Lehiaketak baditu irabazleak
Maitane Arizti gasteiztarra, Olatz Mitxelena oiartzuarra eta Elias Gorostiaga kataluniarra sarituko dituzte aurki. Trintxerpeko liburutegian izango da sari banaketa.
Pasaia Hiria Olerki Lehiaketaren 22. ekitaldiak baditu irabazleak, horien berri eman du udalak. Maitane Arizti Ugarteburu, Olaitz Mitxelena Larreta eta Elias Gorostiaga izango dira aurtengo sarituak.
Lehen modalitatean, hau da, euskaraz aurkezturiko lan onenaren saria Gasteizeko Maitane Ariztik jasoko du, Xabier Portugal-Pasaia Hiria saria emango diote. Esne Bidea poema sorta aurkeztu du gasteiztarrak. Olatz Mitxelena oiartzuarrari bigarren saria emango diote, Igerian poema sortagatik.
Bigarren modalitatean, gaztelaniazko lanen atalean, L´Hospital de Llobregateko Elias Gorostiaga gailendu da, El alma de la roca poema sortagatik.
Modalitate bakoitzean bina sari banatuko dituzte: 1.200 eurokoa lehenari, eta 600 eurokoa bigarrenari. Gainera, Pasaiako Udalak saritutako lanak argitaratuko ditu, aurreko edizioetan saritutako olerki liburuek jasotzen dituzten bildumekin jarraituz. Euskarazko lanak Kezkak bilduman, eta gaztelaniazkoak, berriz, Noray bilduman.
Laster egingo dute sari banaketa, Trintxerpeko liburutegian izango dela aurreratu du udalak. Horren berri izan bezain laster jakinaraziko du HITZAk.