Ihoteetatik ezin da ihes egin, baina bai haren ihes-gelatik
Familian jolasteko proposamen baten berri eman dute: Xabier Lizarragak egindako 'Oiartzungo ihotik: suzko akerra' ihes-gelarena.
11 egun besterik ez dira falta ihoteak irits daitezen. Itxaronaldia arinago eramateko asmoz —baita ihoteei buruz gehiago jakiteko ere—, ihes-gela bat sortu eta haren berri eman dute.
Oiartzungo ihotik: Suzko akerra izeneko ihes-gela birtuala sortu du Xabier Lizarragak. Taldean jokatzeko proposamena da, basandere, intxitxu, sorgin eta abarrak ardatz dituena.
Hainbat proba gainditu behar dituzte jokalariek, taldeka. Ordubete inguruko iraupena izango du. Honakoa aurkituko dute jokalariek: “Bidaia honetan intxixuen eta basandereen izenak eta irudiak ezagutu edo gogoratuko ditugu, auzoen koloreak identifikatu, sorginen hizkuntza ulertu, intxixuen abestia gogoratuko dugu, Oiartzun inguratzen duten herrien kokapenak aurkitu, bidean dauden oztopoak gainditu eta herriko ondarea aztertu”.
Jolasak bi irtenbide izango ditu, eta zein aukeratu jokalarien esku geratuko da.