Madrilen aurkeztuko dute aurtengo Pasaia Itsas Festibala
FITUR azokan egingo dute hirugarren ekitaldiaren aurkezpen ofiziala, ostegun honetan. Bertan izango dira Pasaiako zenbait ordezkari.
Datorren maiatzaren 9an abiatuko dute hirugarren Pasaia Itsas Festibala, eta 12ra bitarte hainbat kulturatako egurrezko ontzi tradizionalen agertoki izango da herria. Ordukoaren gaineko xehetasun guztiak emateko agerraldia egingo dute antolatzaileek datorren hilaren 25ean (osteguna da), Madrilen (Espainia) hain zuzen. FITUR Nazioarteko Turismo Azokan izango da aurkezpen ofiziala. Bertan izango dira, besteak beste, Teo Alberro alkatea, Xabier Agote festibaleko zuzendaria eta Albaolako presidentea, Gipuzkoako Mugikortasun, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguez eta Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Daniel Solana.
10:30ean izango da aurkezpena, azokan aurki daitekeen Euskadiko standean.