Palestinaren kontrako sarraskian Europak duen erantzukizuna salatuko dute Oiartzunen
Otsailaren 15erako elkarretaratzea eta hitzaldia antolatu ditu herritar talde batek, 'Israel hiltzaile, Europa laguntzaile' lemapean.
Palestinako herriari elkartasuna adieraziko diote beste behin oiartzuarrek, otsailaren 15ean (osteguna da) izango dute hurrengo hitzordua. Palestinako herriaren kontrako eraso bortitza kalean salatzeaz gainera, pairatzen ari diren sarraskia gertuagotik ezagutzeko aukera emango diete oiartzuar eta inguruko herritarrei.
19:00etan elkarretaratzea egingo dute Done Eztebe plazan, Israel hiltzaile, Europa laguntzaile lelopean. Ondoren (19:30ean) hitzaldia izango da udaletxeko pleno areto nagusian. Arma industria Euskal Herrian izeneko hitzaldia eskainiko du Patxi Azparren ekintzaile antimilitaristak.
Otsailaren 17an Orereta Palestinarekin Herri dinamikak Errenteria-Oreretan egingo duen manifestaziora joateko deia egin du Oiartzungo taldeak. Mobilizazio handia egin nahi dute, eta beraz, oiartzuar oro Palestinari elkartasuna adieraztera deitu dute. 17:00etan abiatuko da manifestazioa Herriko Plazatik, 17:00etan, Erresistentziaz Palestina askatu lemapean.