Garaipenik ez Hibaikarentzat Batel Txapelketako bigarren jardunaldian
Hurrengo hitzordua, Zumaian izango dute otsailaren 4an, igandea.
Atzo jokatu zuten Gipuzkoako Batel Txapelketako bigarren jardunaldia, San Pedrok antolatuta. Garaipenik ez dute lortu Hibaika Arraun Elkarteko ontziek txapelketaren azken jardunaldi horretan, baina gogotik ari dira lehiatzen uretan.
Haur Mailako mutilen ontzia deskalifikatu egin zuten, hirugarren kaletik beharrean, laugarren kaletik helmugaratzeagatik. Punturik ez dute batu beraz, atzoko saioan. Haur Mailako Nesken ontzia, berriz, bosgarren sailkatu zen atzoko jardunaldian, Orioko lehen jardunalditik postu bat gora eginda eta 9 puntu poltsikoratuta.
Promesetan, mutiletan 11. sailkatu zen Hibaika; nesketan, lau ontzi ditu Errenteriako klubak uretan, eta denborarik onena Hibaika A ontziak egin zuen, seigarren postua lortu eta 20 puntu; Hibaika Bk, 13. postua egin zuen atzoko estropadan; Hibaika D eta Hibaika C, berriz, deskalifikatu egin zituzten ez zegokien kaletik helmugaratzeagatik.
Mutil Gazte Mailan, laugarren izan zen Hibaika eta nesketan, 7. sailkatu zen Hibaika B eta 8. postuan Hibaika A.
Datorren asteburuari begira dira orain Hibaikakoak. Igandean, otsailaren 4an, Zumaian jokatuko dute Batel Txapelketaren hirugarren jardunaldia, 09:30ean hasita.
Sailkapen osoa hemen kontsulta daiteke. Hurrengo asteko estropadaren gaineko informazio ikusteko, berriz, egin klik hemen.