Hibaikako emakumeak bigarren, Portugaleteko jaitsieran
Gizon Seniorren trainerua, hamalaugarren sailkatu da jaitsiera berean, hogeita bederatzi ontzi artean.
Bikain aritu dira Hibaikako emakume seniorrak atzo Portugaleten jokatutako traineru jaitsieran. Hirugarren sailkatu ziren berez, Orio eta Zumaiaren atzetik errenteriarrak; Zumaiarrei baina 10 segundoko penalizazioa jarri zieten estatxa ez heltzeagatik. Tartea estua zuten zumaiarrek eta 10 segundoak batuta, Madalen ontziko eskifaia bigarren postura pasa da.
Gizonak ere, ongi atzoko saioan Portugaleten. Hogeita bederatzi ontzi lehian, eta hamalaugarren sailkatu ziren Errenteria-Oreretakoak.
San Nikolas XII. Traineru jaitsiera – Luisfer I. memoriala denboraldiko lehen jaitsiera izan da. Haize handia izan zuten protagonista atzoko estropadan, eta azken minutuetan, babesik gabe, lanak izan zituzten ontziek gogotik jo zuelako. Haize horrek eragin zuen hain justu, hainbat taldeek estatxa hartzeko zailtasuna, eta batzuk hura hartu gabe hasi izana. Horiei guztiei, 10 segundoko zigorra ezarri zieten.