Herritarrekin batera diseinatuko dute zaraten udal ordenantza
Ordenantzan arautu beharreko ekarpenak egitera deitu dituzte pasaitarrak. Otsailaren 23ra bitarte egin daitezke ekarpenak.
Pasaiako Udalak zaraten udal ordenantza egiteko asmoa du. Horretarako herritarrei dei egin berri die «ordenantzan arautu beharreko ekarpenak egin ditzaten». Ekarpen horiek otsailaren 23ra bitarte (ostirala da) jasoko ditu udaleko Hirigintza eta Ingurumen sailak. Helbide honetara idatzi beharko da horretarako, edo bestela, Herritarren Arreta Zerbitzura jo dezakete herritarrek.
Udaleko iturrien arabera, udal araudi berri honek «zarata fokuen erregulazioa bateratu eta irizpide orokorrak» ezarri nahi ditu, «gehiegizko emisio mailak eta zarataren erregulazioarekin loturiko gainerako inguruabarren marko egonkorra ezarriz Pasaian». Lau barrutietako biztanleen «deskantsa eskubidea» bermatu nahi dute ordenantza berriarekin, hainbat zarata foku baititu herriak, tartean, portua edo trenbide eremua.