‘Apastepebupurupu mapagipikopoapa dapatopor’
Egitarauak ez du halako aldaketarik izango, baina izango da bat nabarmena: Kataxuloko txosnako ordutegia luzatuko da.
Asteazkenean aritu ziren prestaketa lanetan. Badatoz —xanistebanen baimenarekin— festarik oiartzuarrenak. Ia urtebeteko itxaronaldiaren ondoren, basandere, intxixu eta sorginek Oiartzungo udaletxea hartuko dute gaur eurentzako, eta igandera bitarte festa giroa nagusituko da herrian.
Ihoteek xarma berezia dute, eta oiartzuarrek asko maite dituzten festak dira. Baita, gero eta gehiago, inguruko herrietako jendeak ere. Plaza lepo betetzen da, eta zaila izan ohi da festaren erdigunearen perimetroan ukondorik sartu gabe tokiren bat aurkitzea. Beste hainbeste gertatzen da balkoietan.
Sorginek egiten duten edabe magikoaren errezeta sekretuak isilpean jarraituko du, baina desklasifikaziorik behar ez duena ihoteen arrakastaren formula da: ez ukitu funtzionatzen duena. Gaur arratsaldean, etorrera handia baino lehen, Burrunba abiatuko da Beheko Plazatik, 16:45ean, eta ondoren txokolate jatearen txanda izango da, dantzei bide eman baino lehen.
Bihar, poxpolinez janzteko eguna izango da. Goizean bakoitza bere auzoan geratuko da, 09:00etan, eta puska bila abiatuko dira. Bukatzean, auzoko elkartean bazkalduko dute, eta arratsaldean plazara igoko dira. Gauean, zakua jantzita daudenek sorpresa izango dute: Kataxuloko txosnak ordutegi luzeagoa izango du. Hori izango da aurtengo berritasuna; inor ez da asaldatuko aurreko urteetako inertziarekin eteten bada.
Igandean diana, karroxa, dantzak eta festei agur esateko ekitaldiak beteko dute egitaraua. Suzko Akerrarekin bueltatuko dira Kataxulora.
Xorrola, larunbat gauean
Bihar gauean zerbitzu berezia emango du herriko autobus publikoak. Ohiko zerbitzuan ez bezala, Xorrola zortzi auzoetaraino iritsiko da. Orduero aterako da autobusa, 22:00etatik 06:00etara.
Manuel Lekuona biblioteka ondoko geltokitik abiatuko da, eta xanistebanetako gauetan egin ohi duen buelta egingo du. Herriko plazatik urrutien dauden auzoetara joango da lehenengo. Honakoa izango da ibilbidea: Elizalde; Bizardia plaza; Tornola kalea; Zokoloko zubia; Karrikako plazako geltokia; Beko Soro; Ibarre gasolindegia; Pikabene; Intxixu pareko autobus geltokia; Lartzabal etxadia; eta Mendin.
Udalak garraio publikoa erabiltzera animatu duen arren, jakinarazi du Elizalden aparkalekua atonduko dutela, festa egunek iraun artean.
- 16:45ean: Burrunbaaa! Ihoteei deia, Beheko Plazako biribilgunetik.
- 18:00etan: Txokolatada Done Eztebe plazan.
- 18:30ean: Herri dantzak.
- 19:00etan: Azeri dantza eta Sorgin dantza.
- 19:30ean: Intxixu, basandere eta sorginek plaza hartuko dute.
Bihar
- o9:00etatik aurrera: Auzoetan Kuestaziyua, poxpolinez jantzita.
- 14:30ean inguruan: Bazkaria. Auzo bakoitza bere elkartean.
- 18:00etan: Auzoetan ibilitako kuadrillak plazan elkartuko dira.
- Ondoren: Musika eta festa giroa Kataxuloko txosna inguruan.
Etzi
- o9:00etan: Diana txistulariekin.
- 11:00etan: Beheko Plazatik karroxa eta kalejira alaia.
- 12:00etan: Dantza gidatuak plazan.
- 19:00etan: Intxixu, basandere eta sorginei agurra.
- Bukatzeko, Suzko Akerra.
