Pasaiako traineruen lan txukuna Sestaon
San Juanen A eta B ontziak 7. eta 9. izan ziren hurrenez hurren. Trintxerpe-Illunbeko beteranoak, laugarren.

Larunbatean jokatu zen Nerbioi ibaian Julian Enrikeren Oroimenezko XV. Traineru Jaitsiera, Kaiku Arrraun Elkarteak antolatuta. Sestao aldeko uretan Pasaiako hiru traineru izan ziren, eta dezenteko emaitzak lortu zituzten.

San Juanen B ontzia. Argazkia: Iñaki Suarez.
Gizonen seniorretan bi traineru aurkeztu zituen San Juanek. Hala, A ontzia zazpigarren izan zen (20.28ko denborarekin), aurretik San Miguel Ligan dauden traineruak soilik izan zituelarik (Zierbena irabazleak 19.35ko denbora egin zuen, eta ondoren Donostiarra, Ondarroa A, Hondarribia A, Kaiku A eta Santurtzi sailkatu ziren). San Juan B, berriz, ez zen A ontzitik oso urrun gelditu, bederatzigarren izan zirelako A ontzitik zazpi segundora (20.35). Kategoria horretan 21 traineruk parte hartu zuten.
Pasaiako hirugarren traineruan gizonen Beteranoen Mailakoa izan zen, Trintxerpe-Illunberena Hala, kategoria horretan laugarren izan ziren Azkuene ontzikoak 14.58ko denborarekin, Badok 13 A traineru irabazletik ia 20 segundora.

Trintxerpe-Illunberen beteranoen ontzia. Argazkia: Iñaki Suarez.
Neguko prestaketa estropaden egutegian hurrengo lehia Oriaren XXX. Traineru Jaitsiera izango da, larunbat (hilak 10) arratsaldean. Han Pasaiako hainbat ontzik parte hartuko dute.
Albiste honetarako erabili diren argazkiak Iñaki Suarezenak dira. Hark larunbatean argazki askoz gehiago atera zituen. Hemen klik eginda ikus daitezke.