Pasaiako Jarana taldearen azken emanaldia, biribila
Txalo zaparrada artean jaso zituzten antzezle eta abeslari pasaitarrak Niessenen. Urte bukaeran emanaldi berri bat aurkeztuko dutela iragarri berri du taldeak.
Pasaiako Jarana antzerki taldeak txiki utzi zuen Errenteria-Oreretako Niessen aretoa joan den larunbatean. Victor Hugoren Los Miserables obran oinarritutako musikala eskaini zuten pasaitarrek, Bi Kolorete Elkarteak antolatuta. Arrakasta handiko emanaldia izan zen, zuzeneko musika eta antzerkiak zutik jarri zituen bertaratutako guztiak. Bi bider txalotu zituen publikoak oholtza gainera igo zirenak. Emanaldi biribila, beraz.
Emanaldia are gehiago biribiltzeko, afaria egin zuten Zaldia jatetxean partaideek eta haien lagun eta senideek. Eta eguna bukatzeko, azken albistearen berri eman zu Jarana taldekoek: urte bukaeran euren hurrengo obra aurkeztuko dutela.