Ernaiko gazteak, "lehen lerroa hartzeko" prest
Martxo bukaeran Lezok jasoko duen topagunea aurkeztu du gaur gazte antolakundeak. Hiru eguneko egitaraua ondu dute.
Ernai gazte antolakundeak dena prest du aurtengo topagunerako. Lezok jasoko du aurtengoa, eta herrian bertan aurkeztu dute gaur ordurako antolatu dutena. Martxoaren 29an, 30ean eta 31n gazte independentisten topaleku bilakatuko da herria.
Gaur Gurutze Santuaren plazan bildu diren gazteek adierazi dutenez, Euskal Herria “martxan” da,”denon bizitzak erdigunean jartzeko, bizitza eta duintasunaren defentsan, herrien defentsan”. Orain arte egindako mobilizazioak gogorarazi dituzte, hilabeteak daramatzatela Euskal Herriko kaleak hartzen: “Gazteok buru-belarri ibili gara mobilizazio eta herri ekimen ezberdinetan lanean”.
Orain, baina, “lehen lerroa hartzera” datozela esan dute gazteek: “Gazte Udaberria dator. Eta ez edonola. Gazteon egoera berriz ere mahai gaineratzeko, baina ez soilik hori, aurre egiteko proposamen konkretuak eta alternatibak loratuko dira hurrengo hilabeteetan. Horretarako mugarri izango dugu, hemen Lezon, antolatu dugun Gazteon Eskutik ekimena, aurten Loratuko da udaberria lelopean ospatuko dena”.
Garai “ilun eta nahasi hauetan”, argi dute bestelako eredu, ideia eta borrokek duten “gaitasun eraldatzailea”: “Argi daukagulako gazteon eskutik etorriko direla hauek. Eta Argi dugulako ere, gazteon bizi baldintzen inguruko eztabaida zabaldu zein egoerari alternatibak loratzeko borroka ziklo oso bat irekitzeko anbizioa eta indarra dugula”.
Gazte independentistek esateko asko dutela erantsi dute gaurko agerraldian, “lokatzetan” sartuko direla: “eztabaidatuko dugu, lan egingo dugu, zikinduko gara eta denon artean gure neurrira egongo den herria errealitate bihurtuko dugu Lezon”.
Egitaraua
Egitarau zabala prestatu dute martxoaren azken astebururako. Egitarau politikoaren barruan Bizitza duinen udaberria eta Pornoa, desira, plazera eta morala hitzaldiak aurki daitezke, besteak beste. Baina festarako tartea ere izango da asteburu horretan, hainbat musika taldek dantzan jarriko baitute Lezo: Hofe x 4:40, Belako, Ganibet, Mafalda, Eire, Azken Sustraiak, Ithaka, Zilibito Rekords, Amooma edo Xiberrots-ek kontzertua eskainiko dute.
Egunean zehar gozatzeko eskaintza eta espazio ezberdinak izango dira Lezon: Drag Showa, Gazte Bazkaria, bertso saioa, azoka… Denetik izango da.
Sarrerak dagoeneko salgai daude (bonuak 48,35 euroan eskura daitezke), lotura honetan. “Ez galdu honen parte izateko aukera, elkarrekin hausnartu, ikasi eta dantzatzeko horrelako aukerarik ez baitago. Etorri, parte hartu, elkarbanatu, txandak egin, gozatu, hunkitu… Martxoan gazteon eskutik loratuko da udaberria!”, esan dute, gaurko agerraldiari bukaera emateko.