Zuhaitz Eguna Ursoroetan izango da aurten
Hileko azkeneko igandean izango da zuhaitz landaketa. Autobusa aterako da Arditurriko bidegorri ondoko parajera, doan. Hamaiketakoa ere eskainiko dute.
Oiartzungo Udalak Zuhaitz Eguna antolatu du hilaren 25erako (hileko azkeneko igandean). Ursoroeta inguruan izango da aurten, Arditurriko bidegorri ondoan, eta bertako haritzak landatuko dituzte.
Iragarri dutenez, Arditurrira joateko autobusa antolatu dute. 10:00etan aterako da Haurtzaro Ikastolako aparkalekutik. Doan izango dela jakinarazi dute, baina hilaren 22a baino lehen eman behar da izena herriko ikastetxeetan.
Beste aukera izango da zuzenean Arditurriko aparkalekura joatea, eta parte hartuko duten guztiak 10:15ean biltzea, Ursoroeta ingurura elkarrekin oinez joateko.
Familia giroan egiteko antolatu dute plana. Izan ere, helburua da gaztetxoenek natura zaintzen ikastea eta basoaren garrantziaz jabetzea. Udalak gehitu duenez, landaketa bukatutakoan hamaiketakoa ere eskainiko diete parte-hartzaileei.