'Itzaletik argira' ekarriko dute Bixente Perurena Telletxea
40 urte bete dira aurten, GALek Hendaian Peru hil zuela; Angel Gurmindo Lizarraga 'Stein' errefuxiatu nafarrarekin zela tirokatu eta hil zituen biak talde parapolizialak.
Ester, Aingeru eta Argi Perurena, Blanki Pascual amarekin lehen lerroan 2019an Peruri egindako oroimen ekitaldian. Lau hamarkada luze joan dira Bixete Perurena Telletxea Peru, eta Angel Gurmindo Lizarraga errefuxiatu nafarra hil zituztenetik. GAL talde parapolizialak hil zituen biak Hendaian, tirokatuta. 1984ko otsailaren 8an izan zen. 37 urte zituen Peruk, eta 1981ean egin zuen ihesi.
Haren familiak demanda aurkeztu zuen Estrasburgon— Madrilek atzera bota ostean aurretik egindako eskaera bat—; Peru biktima gisa onartu eta indemnizazioa ematea eskatu zuen demanda horren bidez Blanki Pascual Peruren alargunak, baina 2020ko maiatzean, Estrasburgok, ontzat eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak eskaera horri jarritako betoa.
Erabaki horrekin, Espainiako Estatuari abala eman zion Estrasburgok, zehazki, Espainiako Auzitegi Nazionalak gerra zikinaren biktima izan direnen kasuan sortutako klausula eman zuen ontzat. Horren arabera, biktima izaera eta indemnizazioa jasotzeko eskubiderik ez dute, “bortxazko krimenak egin dituen erakunde bateko kide izan diren ustezko biktimek”, azken hori baieztatzen duen ebazpen judizialik ez dagoen kasuetan ere. Espainiako Auzitegi Nazionalaren ebazpen horrek Perurenaren errugabetasun-presuntzioa urratzen zuelako aurkeztu zuen demanda Estrasburgon Pascualek.
Peruren familiaren ekimenez eta Errenteria eta Hendaiako udalekin elkarlanean oroimen ekitaldia egin zioten Peruri 2019an, GALek hil zuela 35 urte bete ziren urtean, Perurenan.
Gaur lehen lerroan jarriko dute Perurena, Bixente Perurena, Peru Itzaletik argira hitzaldiaren bidez. Xenpelar Etxean izango da, 18:30ean hasita.
