[Erreportajea] Olinpiar suak argituko du Oiartzun
Aro olinpiko berria hasiko da, bihar: Biyurrieneak antolatu dituen olinpiaden lehen jardunaldia izango da. ‘Baga, Biga, Liga’-k hilean behin girotuko du herria.
Urte olinpikoa da aurtengoa: Parisen egingo dituzte Udako Olinpiar Jokoak. Kirolaren munduko ekitaldirik masiboena izan ohi da, foku guztiak jartzen dituzte haien gainean, eta domino efektua lortzen dute protagonista izan ohi diren beste ekitaldi batzuekin: Frantziako Tourraren irteera aurreratzea suposatu du, besteak beste.
Oiartzunen, baina, aurre hartuko diete luteziarrei, eta beraien olinpiada propioak antolatu dituzte: bihar izango da lehenengo jardunaldia, eta hilean behin zita bana jarriko dute, ekainera arte.
Biyurrienea izan da zuzi olinpikoaren sua piztu duena. Horrela azaldu du Maddi Uriarte taldeko kideak: «Urteko plangintza egiten aritu ginenean, nahi genuen antolatu zerbait denboran iraungo zuena, bilduko zuena jendea, eta —horrez gain— hilean behin aisia eskaintza egingo ziona herriko gazteriari, parrandatik harago».
Bihar, 10:30etik aurrera, boleibolean arituko dira Done Eztebe plazan, eta ondoren risotto, haragi bola eta profiterolen txanda izango da, Girizian. Bazkaldu ondoren, Skapaie elektrotxarangak girotuko du herriko kaskoa. «Goizean elkar ezagutzeko jolasak proposatuko ditugu, eta arratsaldean olinpiadetan izena eman duten zein eman ez duten gazteentzako festa giroa sortuko da», ñabardura egin du Uriartek. Ekainera arte, hilean zita bat jarriko dute (klik eginda ikus daiteke egitaraua).
![Xanistebanak Gazte Eguna](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/02/xanistebanak__gazte_eguna_-500x800.jpg)
Kuadrillen arteko jolasak izango dira jardunaldien abiapuntua, bazkariarekin eta festa giroarekin jarraitzeko.
Hamasei taldek eman dute izena Baga, Biga, Liga-n (izen hori jarri diote). Ez dute inaugurazio ekitaldiko desfilerik egingo, baina prest egongo dira lehiarako. Guztira 150 gazte izango dira olinpiadetan. Talde jendetsuena Sorgins izenekoa da, hemeretzi kiderekin, eta jende gutxien bildu duena Fededunak izenekoa da, laurekin. Hasi aurreko ondorio bat atera daiteke, beraz: Oiartzunen fededunak baino ugariagoak direla sorginak.
Hamasei talde eta 150 laguneko kopuruak asebete du Beñat Felipe Biyurrieneko kidea: «Ez genekien zer espero, egia esan. Taldekide batzuek gehiago espero zuten, eta beste batzuek gutxiago espero genuen. Izen-ematea ez da azkar-azkarra izan, baina hamasei taldera iritsi izana bada zenbaki polit bat». Baloratzeko gai ez direla gaineratu du Uriartek, estreinako aldia delako.
Gainera, badu zailtasun erantsi bat: «Olinpiada batzuetan izena ematea zailxeagoa izan daiteke: otsailean izena ematen duzu, eta hilabeteroko zerbait izango denean parte hartzeko konpromisoa adieraztea agian konplikatuagoa izan daiteke».
Biyurrieneko kideek adierazi dutenez, programatutako probak «edonork» egiteko modukoak dira, hori «kontuan» hartu baitute. Gutxieneko kopurua laukoa izango da, boleibolean aritzeko beharrezkoak direlako. Hortik aurrera, kopurua libre. Liga bat izango den arren, txapelketa bat ez dela izango argi utzi dute. «Sailkapena eta puntuak egongo dira, eta bukaeran irabazle bat. Guk lehia bigarren plano batera eraman nahi dugu; nahi duguna da giroa sortu eta jendeak ongi pasatzea».
Gazteen edota kuadrillen arteko olinpiadak dituzten beste herrietatik hartu dute ideia, bertako ekitaldiak «kopiatu» gabe. «Gure probak egingo ditugu, gure inguruneari baldintzatuta daudenak. Adibidez, hondartzako probak ezingo ditugu egin», esan du, txantxetan Felipek. Uste dute Oiartzunen «kuadrillismo» handia dagoela, bakoitza bere aldetik ibiltzen delako. «Larunbat gauetan denak nahasten gara. Ez dakit gauza ona ala txarra izango den, baina horri alternatiba bat eskaini nahi diogu. Bere kuadrillakoekin egon nahi duena bere kuadrillakoekin egongo da, eta beste batzuk ezagutu nahi dituenak, horretarako aukera izango du baita ere», esan du Felipek.
Gainera, Biyurrieneak aukera eman du kuadrillan talderik osatu ahal izan ez dutenentzako, edo bere kabuz parte hartu nahi zuten norbanakoentzako, euren artean elkartu eta talde bat osatzeko. Ez du, baina, kasuistika horretan dagoen inork izenik eman. «Talde guztiak kuadrilla bereko jendeak, edo bitakoek nahastuta sortutakoak dira», azaldu dute.
Beste herri batzuetan —Hondarribian, adibidez— olinpiadak lehiara mugatzen dira, eta azkeneko jardunaldian izaten da bazkaria. Festa-giroa sortzearena maizago egiten dute, baina ez jardunaldia tokatzen den aldiro. Oiartzunen, ez. Oiartzunen jardunaldi guztiak hasiko dira lehiarekin, bazkariarekin jarraituko dute eta festa giroarekin bukatuko da. Biyurrieneko kideen arabera, ez da Sherlock Holmes izan behar jakiteko parranda giroan bukatuko direla jardunaldi horiek.
Ekainaren 8an izango da azkeneko jardunaldia. Bi batengatik egiteko aprobetxatuko dute. Uriartek aurreratu du plana: «Egin nahi duguna da ginkana batekin hasi, eta ondoren irabazle eta abarrak izendatuko ditugu. Iaz egin genuen Eskertza Eguna egun horretan egitea erabaki dugu. Xanistebanetan —Gazte Egunean bereziki— lanean aritzen direnei aitortza egin nahi diegu. Txikitik handira ibiltzen den jendeari eskertu nahi diegu bere borondatezko lana». Iazko Eskertza Egunak aho-zapore gozoa utzi zien, eta aurten errepikatu nahi dute, «auzolanean», olinpiaden zikloa bukatzeko, gero herrietako festak eta —nola ez— xanistebanak datozelako.
Olinpiadak antolatzeak lan karga estra bat suposatu die, eta antolaketa lanetan aritu —eta ari— dira jo eta ke. Dena ongi ateratzea espero dute. «Datorren urtean berriro egiten badugu, aurtengo akats eta azertuetatik ikasiko dugu. Hori bai, egin nahi duguna da herriarentzako zerbait: plazan izango da boleibol txapelketa, baina inguruan giroa sortu nahi dugu, musikarekin, jendea ikustera hurbil dadila, goiz-eguerdi horretan giroa sortzea. Ez dadila guretzako zerbait izan», esan du Uriartek.
2019tik eragiten
Biyurrienearen helburua gazteei aisia eskaintza ematea da. 30 bat dira taldean, eta bakoitzak bere interesak ditu. Gauzak antolatzerakoan edo partaidetzan dagoen malgutasuna nabarmendu dute bai Felipek baita Uriartek ere.
Gogorarazi dutenez, Biyurrienean 2019an sortu zen, xanistebanen bueltan, hainbat dinamika antolatzeko: Hiltzaileen Jolasa, txosna jartzea, mozorro lehiaketa, Errefusen Bilketa gaupaseroen garbiketa… «Urte horren ondoren itxialdia etorri zen», jarraitu dute, «eta bere burua transformatu behar izan zuen Biyurrieneak. Egoerara moldatu zen, eta itxialdi horretan hainbat gauza eskaini zituen: txalentxak, dantzak… Bukatuta, aurreko martxa hartzen saiatu ginen».
2022ko azaroan taldeari hauspo berria emateko bilera egin zuten, eta kide berriak sartu ziren bertan. «Sortu zuen taldeak urte asko darama herrigintzan, eta errelebo aldaketa bat eskatu zuten. Aldaketa logiko bat izan zen, gazteago direnek ere ikusteko zein lan egin behar den».
Bilera hori inflexio puntua izan zen, eta aldaketa bat izan zela mahaigaineratu dute: «Lehen gehiago bideratzen zen indarra xanistebanak edo Gazte Eguna antolatzera, eta orain urte osoko egitaraua egitea da gure helburua». Hori bai, herriko festetako zitak ez dituzte alde batera utzi, eta horiek antolatzeko talde motorraren barruan, Biyurrieneko kideak ez ezik, beste hainbat oiartzuar ere sartuta daude buru-belarri. «Adin tarte askotako jendea gaude, eta elkarrekin asko ikasten dugu, elkarren arteko transmisioa dagoelako. Gure arteko harremana ere sortzen da», zehaztu du Uriartek.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/02/xanistebanak_-500x313.jpg)
Xanistebanetako dinamikak sortzeko sortu zen Biyurrienea. Orain, urte osoko programazioa egitea da beraien helburua.
Biyurrieneak ateak irekita dituela berretsi dute, proiektuaren zutabe diren hiru baloreekin bat egiten bada, betiere: feminismoa, euskalduna izatea eta herrigintza izaerarekin bat egitea, «txikitik handira». Taldearekin bat egin dutenak «modu naturalean» hurbildu dira taldera. «Egin ditugun gauzek arrakasta izan dute, eta egia da horrek erakartzen duela jendea. Gazteen artean erreferente badela uste dut, eta baduela gazteak mugiarazteko gaitasun hori. Kristoren lana egin, eta arrakasta duela ikusten baduzu, zure buruari esaten diozu merezi izan duela», esan du Uriartek.
Feliperen arabera, orain arte «zortea» izan dute, guztia ongi atera delako. Hala ere, zoria ez da aldagai bakarra izan: «Aurretik gauzak ongi lotuta egon direlako atera dira egoki. Katxondeoa dugu gure artean, baina antolatzen dugun guztia seriotasun minimo batekin egiten dugu».
Aurrera begira, xanistebanak antolatzen hasiak dira —Parisko Olinpiar Jokoek ez dute hori moldatuko—, eta argi dute eragiten jarraitu nahi dutela, herrigintzatik: «Oiartzun herrigintzan potentzialtasun handia duen herria da, eta gainontzeko eragileengandik asko ikasi dugu. Hor jarraituko dugu, herri bizi hori gal ez dadin; biyurrikerietan, baina herria eraikitzen».