Mobilizazioa egin dute, 'Israel hiltzaile, Europa laguntzaile' lelopean
Done Eztebe plazan egin dute mobilizazioa. Ondoren, Euskal Herriko arma-industriari buruzko hitzaldia eman dute udaletxean.
Herritar talde bat Done Eztebe plazan elkarretaratu zen atzo arratsean. Israelgo estatuaren jarrera salatu nahi izan zuten horrela, Gazan —batez ere—, Zisjordanian, Sirian edo Libano hegoaldean egiten ari den oldarraldi militarraren aurrean.
Israel hiltzaile, Europa laguntzaile leloa zeraman pankartaren atzean jarri ziren dozenaka lagun, eta “zoru etikoa” non dagoen galdetu zuten mezuaren bitartez.
Ondoren, udaletxeko pleno aretoan hitzaldia eman zuten. Europaren “konplizitatea” azaleratu nahi izan zuten, Euskal Herriko armagintza industria izan baitzen hitzaldiaren gaia. Patxi Azparren ekintzaile antimilitarista aritu zen hizlari lanetan.
Bestalde, bihar arratsalderako Errenteria-Oreretan antolatu den manifestaziora joateko deia egin zuten. Herriko Plazatik aterako da, 17:00etan, Erresistentziaz Palestina askatu lelopean.