Tentsio handiko eremu izendatzeko bi baldintzetako bat betetzen du Pasaiak
Etxebizitzaren Euskal Behatokiak (EEB) emandako datuen arabera, errenta ordaintzeko esfortzu ekonomikoa igo egin da pasaitarren artean, %35,4ra igo baita hileko bataz besteko alokairu errenta.

Pasaiak tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzetako bat betetzen du. Hain zuzen, honako baldintza betetzen du herriak: bizilagunek euren diru-sarreren %30 baino gehiago alokairuak eta etxebizitza-gastuak ordaintzeko bideratzea. Izan ere, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak (EEB) emandako azken datuen arabera, errenta ordaintzeko esfortzu ekonomikoa igo egin da pasaitarren artean, behatokiak ezarritako %30ekoa baino handiagoa izan baita: %35,4ra igo da hileko bataz besteko alokairu errenta. Beraz, pasaitarrak dira euren alokairua ordaintzeko esfortzu handiena egin behar duten Gipuzkoako herritarrak.
Betetzen ez duen bigarren baldintza honakoa da: azken bost urtean bertako alokairuen prezioak KPIa baino hiru puntu gehiago igo izana. Pasaiaren kasuan, %14,6 igo da, hau da, ez da KPIa baino hiru puntu gehiago igo (KPIaren igoera %14koa izan baita).
Bi baldintzak bete ez arren, horietako bat betetzea nahikoa da eskaera ofiziala egiteko. Joan den urrian eskatu zuen udalbatzak Pasaia tentsio handiko eremu izendatzeko. EH Bildu, PSE-EE eta Podemos alderdien aldeko bozkekin eta EAJren abstentzioarekin egin zuen aurrera mozioak. Orain, ikusirik herriak bi baldintzetako bat betetzen duela, eskaera egin beharko du udalak Eusko Jaurlaritzan.