'Emakume bati idatzitako gutunak' jarduera abiatu du Bekoz Bekok
Pasaitarrak gutun anonimoak idaztera animatu dituzte elkarteko kideek: "Zer esango genioke emakume bati?". Jasotako gutun guztiak elkartearen egoitzan ikusgai izango dira martxoaren 8tik aurrera.
Datorren martxoaren 8ko Emakume Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, Bekoz Beko elkarte feministak jarduera bat proposatu die pasaitarrei. ‘Emakume bati idatzitako gutunak’ izena jarri diote egitasmoari, eta horretan datza, emakume bati gutun bat edo gehiago idaztean hain zuzen. “Zer esango genioke emakume bati?”.
Denetik idatzi daitekeela jakinarazi du elkarteak: pentsamenduak; aldarrikapenak; amari, alabari edo lagunei zuzendutako eskaintzak; esker onak; nahiak; pertsona ezagunei edo anonimoei eskainitako omenaldiak; edota poemak.
Gutunek anonimoak beharko dute izan, eta ondorengo postontzietan ahalko dira utzi (ostiraletik martxoaren 6ra): Bekoz Beko elkartean (Zumalakarregi kalea 7), Electrodomesticos Aguirrebeñan (Zumalakarregi kalea 12), Lekuonan (Zumalakarregi kalea 5), Osasun Zentroan (Eskalantegi Kalea, 68), Tahonan (Gure Zumardia, 24 ), Udal Liburutegian (Hamarretxeta kalea, 15), Lirain ile apaindegia (Hamarretxeta 25) edo Jubilatuen Etxean (Axular plaza, 4). Emailez ere bidal daitezke gutunak, helbide honetara idatzita.
Jasotako gutun guztiak elkartearen egoitzan ikusgai izango dira, martxoaren 8tik aurrera.