'La infiltrada' filmaren grabaketengatik, aldaketak Donibanen eta San Pedron
Bi barrutietan grabaketak egingo dituzte astelehen eta asteartean. Ondorioz, aparkalekuetan eta sarbide eta irteeretan mozketak izango dira.
La infiltrada filma grabatzen ari dira asteotan Pasai Donibanen, eta datorren astelehen (hilak 26) eta asteartean (hilak 27) Bizkaia plazako aparkalekuaren zati bat beharko du grabazio taldeak. Udalak aurreratu duenez, astelehenean 00:00etatik aurrera gordeko dute zati hori, tximiniatik gertuen dagoen zatia hain zuzen, beraz, ezingo da eremu horretan aparkatu. Filmazioa astearteko 19:00etan bukatuko da, eta beraz, ordutik aurrera aparkalekua osorik izango da erabilgarri.
Santiago plaza eta Donibane kalean egingo dituzte grabaketak, eta hori dela eta, Santiago plazak libre egon beharko du (autorik gabe) asteleheneko 7:30etik aurrera. Hasiera batean, asteartean ez da beharrezkoa izango autoak erretiratzea bertatik.
Filmatze lanen ondorioz, litekeena da Donibane kalea eta Santiago plaza itxita egotea, eta sartu edo atera ezin izatea. Udaleko iturrien arabera, “une jakin batzuetan eta justifikatutako beharrengatik bakarrik erabili ahal izango dira sarbide horiek. Beraz, komeni da bizilagunek hori kontuan hartzea”.
Zamalanak egin behar dituztenak filmazioaren beharretara egokitu beharko dira, eta ondorioz, baliteke Bizkaia plazatik egin behar izatea.
San Pedron ere eragina
San Pedron ere zenbait grabaketa egingo dituzte astelehenetik asteartera, eta beraz, Torreko plazatik gertu dagoen Arraunlari kalearen gune bat balizatuko da grabaketaren beharretarako, eta puntu horretan tarteka ibilgailuen eta oinezkoen pasabidea moztuko da.