Zutik jarrai dezan, zutik borrokan
Eskalerillas ondoko blokeko bizilagunak kale gorrian geratzeko arriskuan dira, Pasaiako Portuak lau hilabete eman dizkie hamarkada luzez euren bizitoki izan dutena uzteko. Etxebizitza Sindikatuak babestuta, borrokan dira familiak.
Ezinegona, amorrua. Honela defini daiteke Trintxerpeko Herrera kaleko 10-11 sotoetako bizilagunen egoera. Joan den hilaren 5ean hasi zen amesgaiztoa. Egun batetik bestera, euren etxea betiko uzteko abisua jaso zuten. Ezustean harrapatu ditu albistea bizilagunak, eta oso kezkati dira hamarkada luzez euren etxe izan denaren etorkizunarekin. Iluna dela aitortu diote hitza-ri bertako hiru bizilagunek. «Kale gorrian utzi nahi gaituzte».
Zurrumurru ugari entzun dituzte bizilagunek azken urteetan, inguru horretan proiektu bat egingo omen zutelako. «Bulo» asko egon direla aitortu dute Javi Perez, Patxi eta Josu Santibañez bizilagunek. Urrian jaso zuten albistea ofizialki, eta aurreko astean behin betiko epe bat eman zieten: lau hilabetean euren etxea utzi beharko dute. Arrazoia, honakoa: Euskal Trenbide Sarearen (ETS) proiektu bat abiaraztea erabaki duela portuak, zamen garraiorako trenbide bat eraikiko dute. Horrek eragin zuzena izango du Eskalerillas kaleko blokean, erabat eraitsi beharko baitute. Bertan, hamabi familia bizi dira, eta etxabeetan bost enpresa eta lau kirol elkartek egoitzak dituzte.
Portuak aurreko astean kaleratutako komunikatu baten arabera, proiektuak 5,5 milioi euroko aurrekontua izango du, eta 4.600 metro koadroko eremuari eragingo dio. Lanak 2024ko bigarren seihilekoan hastea aurreikusi dute. Portuaren arabera, ingurua «sakonki» aldatuko da, «ingurumenari eta pasaitarren bizi kalitateari eraginez». Proiektuak CO2 aztarna murrizten eta Gipuzkoako errepideetatik urtean 6.000 kamioi inguru kentzen lagunduko duela argudiatu dute. Baina horiek guztiak «aitzakiak» direla uste dute oraindik bertan bizitzen diren pasaitarrek.
Portuak, kaltetutako bizilagunei «beste bizileku bat emateko irtenbide bat bilatzeko» konpromisoa hartu badu ere, denek argi dute ez dela hala izango, ez baitute inolako erantzun eta irtenbide duinik jaso orain arte. Komunikatu horrekin «aurpegi zuriketa» egitea leporatu diote portuari, eta zenbait kontu argitu nahi izan dituzte. «Kutsaduraz hitz egiten dute, onurez, baina ez kale gorrian utzi nahi gaituztela, inolako alternatiba duinik gabe», esan du Javi Perez bizilagunak.
Eskaini dieten alternatibetan sartu aurretik, beharrezkoa da testuingurua kokatzea. Kaleratu nahi dituzten pasaitarren artean bi kasuistika baitaude, hau da, bi egoera zeharo ezberdinetan daude egoiliarrak. Atzera jo behar da haien egoera ulertzeko, 1960ko hamarkadara hain zuzen. 1966an eraiki zuten blokea. Etxebizitza guztiak portuaren jabetzakoak dira, bertako langileei esleitu zizkieten garai hartan. Besteak beste, portuan lanean hasi ziren suhiltzaile, ontzi-urketari edo elektrikariei eman zieten ostatu bertan.
Borroka luze bezain neketsua
Ordutik tira-bira ugari izan dituztela aitortu dute denek, bereziki titularrak zirenen oinordekoek. Urteak joan ahala jatorrizko titular batzuk zendu dira, eta haien oinordekoek urte luzez alokairu tasa ordaintzen jarraitu dute, baina ofizialki jabe izan gabe. Urte horietan guztietan portuarekin hartu-emana izaten saiatu dira bizilagunak, maizterrek etxebizitzak erosi eta jabe bilakatu nahi zutelako. Emaitzarik gabe, baina. «Titularren seme-alaba bezala portuarekin harremanetan jarri ginen, galdetuz ba ote legokeen arazorik guk bertan bizitzen jarraitzeko. Eta ez zegoela inolako arazorik adierazi ziguten. Alokairu baten truke bertan bizitzen jarraitu genuen. Kontua da beti engainatuta eduki gaituztela, eta beti egon gara lurra desafektatu eta erosteko aukeraren zain, emaitza onik gabe, baina», dio titular ez den Patxik.
Bada, egungo egoerari erreparatuta, hamabi maizterretatik bostek osorik dituzte errentari gisa dituzten eskubideak, eta gainerako zazpiek ez.
Azken horiek, titulartasunik ez dutenak alegia, etxebizitza erabiltzeko eskubidea izan dute hamarkada hauetan, Patxik aipatutako alokairu horren truke. «Kontua da hildako pertsona baten izenean ordaindu behar izan dugula errenta, eta hori ez omen da legala. Zendu arren, ordaintzen jarraitu dugu denek», erantsi du. 2016an, ordea, Espainiako Estatuko abokatu Macarena Olonak ondorioztatu zuen ezin zela ordainketa hori horrela egin, eta «dena paralizatu» zuela kontatu du Patxik. «Ez dugu ordutik alokairurik ordaindu, ez ez dugulako ordaindu nahi, kobrantza paralizatu zutelako baizik. Horregatik deitzen gaituzte berankor, alternatiba bat ez eskaintzeko aitzakia hutsa da», erantsi du, haserre. Hori baita, portuaren azken komunikatuan ageri bezala, luzapen eskubiderik ez izateko portuak ematen duen arrazoi nagusi eta bakarra: kontraturik gabeko bizilagunak direnez, ezin zaiela kalte-ordainik eman. Finean, titular ez direnei, Patxi tarteko, honakoa jakinarazi die portuak: Jaurlaritzarekin eta Pasaiako Udalarekin lanean ari dela, «haientzat bizitoki konponbideren bat lortzeko» asmoz.
Titularrak diren bost bizilagunei, ordea, bestelako irtenbide bat eskaini die portuak, horren inguruan aritu da titular izaera duen Javi Perez. Haren ama bizi da egun bertan, eta denbora da ama zaintzeko hara joan zela. «Nire amaren izenean hitz egiten dut. 85 urte ditu, eta bere ingurunean bizitzen jarrai dezala nahi dut, lagunak eta egunerokoa etxetik gertu baititu. Hemen egiten du bizitza, eta adin horrekin argi dugu ez garela hemendik mugituko», esan du.
Perezek azaldu du titular diren bost maizterrei kalte-ordain bat eskaini diela portuak. «100.000 euro inguruko kalteordaina eskaini digute, adinaren arabera. Hau da, helduenek gutxiago jasoko dute, eta gazteenek gehiago. Hori bai, kontuan hartu behar da PFEZaren menpekoa (Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga) izango dela, hau da, aitorpenari lotuta dagoela, eta beraz, diru kopurua dezente txikiagoa izango litzateke. Eta okerrena. Bizilagun guztiek etxeak utzi arte ez digutela dirurik emango adierazi digute. Gure artean konfrontazioa ari dira bilatzen, baina ez dute lortuko».
Bost maizterretatik bik proposamena onartu dutela erantsi du Perezek: «Gu ez ginen proposamen horrekin ados, baina bik baiezkoa eman dute, eta guztiz zilegia da. Abokatu bat kontratatu dugu beste hirurek, eta badirudi aukerak egon daitezkeela zerbait gehiago erreklamatzeko, horretan gaude orain».
Blokea eraiki zenetik portuak ez duela sekula ardurarik hartu salatu nahi izan dute hiru bizilagunek. Santibañezek aipatu du portuak ez duela izan eraikina mantentzeko benetako interesik: «Argi dugu etxeetaz paso egin dutela. Zahartzen utzi dituzte, ez dute sekula inspekzio teknikorik pasa. Etxebizitzak oso zahar daude, eta gu arduratu gara inbertsio guztietaz».
Lehen egunetik «diru asko xahutu» dutela aitortu du, obra asko egin behar izan dituztela. «Badirudi proiektua aitzakia bat izan dela aspaldi egin nahi zutena egiteko, hau da, etxea bota. Urte luzez erosteko saiakeretan izan gara, eta orain ez nuke etxea erosiko, egoera oso kaskarrean dagoelako», aipatu du, amorruz. Santibañez 11 urterekin heldu zen Herrera kaleko blokera haren gurasoekin, eta orain dela urte batzuk itzuli zen, ama zaintzera. «Aitortu behar dut ilun ikusten dudala etorkizuna. Titularrekin hori egin nahi badute, ez dakit besteekin zer egiteko gai izango diren», erantsi du.
Laguntza eta babesa
Joan den astean agerraldia egin zuten bizilagunek, euren egoera salatzeko. Haiekin batera izan ziren Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuko kideak, afera hasi zenetik alboan izan baitituzte. «Esker hitzak besterik ez ditugu Etxebizitza Sindikatuko kideentzat, ezinbesteko laguntza eman digute. Denbora asko daramagu haiekin, eta haiei esker gure borrokak oihartzuna izan du, oso eskertuta gaude», esan du Perezek, bizilagun guztien izenean.
Aferaren berri izan bezain laster, sindikatura jo zuten bizilagunek. «Etxebizitza Sindikatua aurkeztu genuen egunean bertan zenbait familia gerturatu ziren, ziurgabetasun egoera batean, sekulako kaltea suposatzen baitu proiektuak familia hauentzako, are gehiago kontuan izanik asko 80 urtetik gorakoak direla», esan du Etxebizitza Sindikatuko kide Unai Morionesek.
Azken hilabeteetan sindikatuak bi bilera izan ditu Pasaiako Portuko Agintaritzarekin, eta bietan «erabateko intrantsigentzia» erakutsi dutela salatu nahi izan du Morionesek: «Beraiek esaten zutenaren arabera, instantzia eta administrazio guztiak ukitu dituzte irtenbide baten bila, eta beti ondorioa berbera da: ez dagoela ezer beraientzako».
Sindikatuko kideen eta aldi berean bizilagunen helburu behinena etxebizitza horiek bertan jarrai dezatela da, eta noski, haien egoiliarrak. «Haiek argudiatzen dute trenbidea ez dela gai etxebizitza ekiditeko, eta horren bideragarritasuna ezbaian jarrai nahi dugu, azkenean etxebizitza horiek bertan tokia badaukatelako. Eraberritze eta aurpegi berritze plan bat egiten ari da portua inguru horretan. Interes merkantilen arabera trenbide horiek pasarazi nahi dituzte, ez herritarren beharren arabera. Horrela ulertu behar da eraisketa hau».
Orain, PPA eta ETS interpelatzen jarraituko du Etxebizitza Sindikatuak. «Euren jarrera aldatzera bultzatu nahi ditugu. Gaian eskumena duten guztiak presionatuko ditugu, bestela, inpunitate osoz kale gorrian geratuko dira. Eta ez da banku bat kaleratzen ari, instantzia publiko bat ari da hamabi familia kaleratzen. Hori ere gogor salatu nahi dugu».
Familientzako irtenbide duina bilatu arte, mobilizazio gehiago iragarri ditu Etxebizitza Sindikatuak datozen aste eta hilabeteetarako.