Gizarte Zerbitzuek Fermiñenen hartu dute aterpe
Oiartzungo Udalak "plazara" eraman nahi izan du ongizatea. Datorren ostiralean ate irekien ekitaldia egingo dute, Fermiñene berria ezagutarazteko.
Landetxe eraikitzearen albo ondorioetako bat zen euskara ardatz duten eragileek Fermiñene hutsik uztea. Mugitu ziren Landetxera, eta Oiartzungo Udala plazako eraikina berritzen hasi zen, egoiliar berrientzat: Gizarte-Ongizate Sailarentzako moldaketak egin dituzte.
Gizarte-Ongizate Sailak bertan hartu du aterpe, eta hasi da herritarrak artatzen. “Plazara ekarri nahi izan du Oiartzungo Udalak ongizatea, herrigintzaren funtsezko zutabetariko bat delako. Itzaletik argira, plaza erdira, denontzat bizigarri eta bizi-emaile izan dadin”, adierazi du udalak.
Olaia Lasa arloko zinegotziak zehaztu duenez, ongizatea da udalaren “oinarrizko ardatza”. Gogorarazi duenez, azken urteetan bertara bideratutako aurrekontuaren zatia eta egitasmo kopuruak handitzen joan dira.
“Zerbitzu hobea eskaintzeko toki gehiago eta egokiagoa” eskainiko du Fermiñene etxeak, “orain eta etorkizunean sor daitezkeen beharrei erantzuteko”.
Plazan eta eraikin bakarrean kokatuta egoteak “ikusgarritasuna, zentralitatea eta protagonismoa” emango dio Gizarte-Ongizate Sailari. “Orain arte itzalean geratu diren beharrak eta zerbitzuak erdigunean jarri nahi ditugu”, gaineratu du Lasak.
Ate irekiera ekitaldia
Jakinarazi dutenez, datorren ostiralean —martxoaren 1ean— ate irekiera ekitaldia antolatu dute, oiartzuar guztiek “ongizatearen etxe berria” ezagutzeko. 18:30ean jarri dute zita, kontzejupean. “Ongizatea, laguntza eskatzea, hauskortasuna, elkarlana eta babesteko sareak oholtzara ekarriko dituzte hainbat herriko artistak”, aurreratu dute. Ondoren, Fermiñene ezagutzeko aukera izango da.
Oiartzuarrak bertara hurbiltzera gonbidatu dituzte. “Guztion artean sortzen dugu herriko ongizatea. Udalak, herriko eragileek eta oiartzuarrek batera aurrera eramaten ditugun ekimen eta dinamikekin sortzen dugu herri bizigarria eta zaintzailea. Horregatik, denon aterpe izango den etxe berria elkarrekin ezagutzera gonbidatu nahi ditugu”.