HARRI, Sanpedrotarraren babesle nagusi berria
Bi urteko akordioa sinatu du klubak ondarean espezializatutako enpresa honekin. "Urrats sendoz hazten ari den eta etorkizunari ilusioz begiratzen dion gizarte eta kirol proiektu batean" batu dituzte indarrak.
Sanpedrotarra Arraun Elkarteak eta HARRI enpresak indarrak batu dituzte, ondarean espezializatutako eraikuntza enpresa honek babestuko baitu kluba 2024. urtean. Hala, arraun elkartea eta enpresa “urrats sendoz hazten ari den eta etorkizunari ilusioz begiratzen dion gizarte eta kirol proiektu batean” murgildu dira, klubeko presidente Xabier Isasaren esanetan.
Akordio honi esker, HARRI izango da klubaren marka babesle nagusia TKEra itzultzen den urtean, eta horrek enpresari “ikusgarritasun leiho ezin hobea” eskainiko diola erantsi du Isasak, “baita bere markaren proiekzio bat ere arraunaren munduan”. Hala, klubak Sanpedrotarra-HARRI izena izango du denboraldi honetan. Bi urtetako akordioa sinatu dute, baina bi aldeek harreman hori “iraunkorra” izatea nahi dute.
Enpresako arduradun Joel de Frias ere pozik agertu da akordioarekin, eta enpresari bere izena eliteko arraunari lotzeko aukera eskainiko diela esan du: “Ilusio handia egiten digu gure kultura eta kirol ondarearen barruan ordezkatzen duen guztiagatik. Sanpedrotarra bezala, HARRI ere pixkanaka hazten ari den enpresa da, oinarritik, eta, zorionez, ekitaldi bakoitzean bere iragana ahaztu gabe gainditzen joateko asmoa du. Klubarekiko lotura ezagutzera emateko aukera bat zen, gure izena eta irudia klub historiko bati batzeko aukera bat, ibilbide eta ospe handikoa, eta ziur gaude poz asko emango dituela”, esan du.
Isasak eskerrak eman dizkio enpresari, “gure proiektuari oso babes garrantzitsua emango diolako denboraldi oso zorrotz bati aurre egiteko. Funtsezko laguntza da, senior trainerurako eta harrobiarekin egiten ari garen lanerako baliabideak izateko aukera emango diguna, bai nesketan, bai mutiletan”, esan du presidenteak.
199an sortu zuten HARRI enpresa, eta 2010ean eraikin historiko artistikoak zaharberritzen hasi zen, teknika tradizionalekin.