«Honetan hasi nintzenetik ergometroa da nire Kontxa»
Bizitza oso bat arraunari eskaini ondoren, ergometroan dabil buru-belarri Sanpedrotarra Arraun Elkarteko kirolaria. Munduko Txapelketa jokatuko du gaur, Pragan, beteranoen kategorian.
Asteburuan Pragara zoaz,ergometroko Munduko Txapelketara. Prest?
Oso gogotsu nago. 5-6 hilabete daramatzat txapelketa hau prestatzen. Bertan egoteko irrikaz nago [astelehenean elkarrizketatu zuen hitza-k]. Proba azkarragoa izango da, intentsoagoa. Baina prest nago.
Zein duzu erronka txapelketan?
50 bat kirolarik parte hartuko dugu. Beraz, lehen hamar kirolarien artean sailkatzen banaiz, pozik eta asebeteta geratuko naiz. Hori lortzeko gai ikusten dut neure burua. Baina badakit egunaren arabera dena alda daitekeela. Indartsu izateko eguna izango da, den-dena ematekoa. Ordu asko dira entrenatzen, gero sei minutuko proba bat egiteko. Indartsu egon behar zara buruz, ergometroa oso psikologikoa baita. Nekea sumatzen hasten bazara, eta nahi zenituen denborak egiten ez badituzu, akabo. Oso gogorra da, oreka mantendu behar duzu lehian zehar.
Gainerako modalitateekin alderatuta, zer du berezi ergometroak?
Arraunaren munduan denetik egin dut. Aulki mugikorrean urte asko pasa ditut eta Libia-n ere aritu naiz tosta finkoan. Oso ezberdinak dira euren artean. Ergometroan zu bakarrik zaude makinaren kontra, ez dago besterik. Uretan ezberdina da. Olatuak daude eta hamabi lagun dituzu alboan. Taldeko lehia da, eta hemen bakarrik nago, eta ez uretan, barruan baizik. Uretan ordubete pasatzen duzu eta ez zara ia konturatu ere egiten, eta ergometroan denbora poliki pasatzen da. Arraunlariek gorroto dute ergometroa, ez zaio inori gustatzen. Askotan esan didate eroa nagoela gustuko dudalako, baina berehala engantxatu ninduen honek.
Bizitza oso bat eman duzu arraunari lotuta. Zergatik jarraitzen duzu bertan?
10 urterekin hasi nintzen, anaiak sartu ninduen. Kategoria guztietatik pasa nintzen eta 2010ean Libia-n hasi nuen bidea. 11 Kontxa jokatu ditut, baina tamalez banderarik lortu gabe. Honetan hasi nintzenetik beti diot ergometroa dela nire Kontxa, eta hemen dena nire esku dago.
Noiz arte izango zara lehian?
Munduko Txapelketaren ondoren atseden hartuko dut, baina ziur naiz hemendik bi hilabetera martxan izango naizela berriro. Noiz utziko dudan? Ez nuke galdera hori erantzuten jakingo. Gorputza jakintsua da, eta berak esango dit noiz gelditu. Argi dut fisikoa ez dela 30 urterekin nuen berbera, baina momentuz ez dut uzteko inolako asmorik. Asko ematen dit kirolak, beraz, honetan jarraitzeko asmoa dut.