Literaturak plaza hartu du
‘Literatura plazara’ iniziatiba abiatu da aste honetan. Literaturarekin lotutako era askotako ekitaldiekin gozatu ahal izango da martxoaren 3ra bitartean.
1545 argitaletxearen ekimenez, literatura plazara ateratzen ari dira egunotan Oiartzunen. Literatura Plazara izeneko iniziatiba bigarren aldiz antolatu, eta egitarau oparoa osatu dute, Bernat Etxepareren Jalgi hadi plazara leloa bere eginez, eta plazera dela zabaltzeko asmoz. Literatura hainbat ertzetatik jorratuko dute.
Horrela, astelehenean hasi ziren, Karmele Mitxelenak LH3 eta 4ko irakurle taldearekin egindako saioarekin hasi zen programazioa. Herenegun Goiatz Labandibarrek bere liburua aurkeztu zuen Galdosenean. Primizia bat eman zuen idazleak: udaberrian Zoo izeneko liburua argitaratuko dio Elkarrek.
Bihar jarraituko du egitarauak, Amaia Egidazuren ipuin kontaketarekin (udaletxean, 11:00etan). Etzi Pello Añorgak haur filosofia saioa gidatuko du Abaraxkan, 17:00etan hasita.
Datorren astean, gehiago
Martxoaren 3ra arte luzatuko da Literatura Plazara. Datorren astelehenean, hilak 26, LH2 eta 3ko ikasleek osatzen duten irakurle taldearekin izango da Uxue Alberdi idazlea (17:30ean, Manuel Lekuona bibliotekan). Asteazkenean, berriz, Jon Martin Etxebestek Xabier Leteri buruz publikatu duen liburua izango du hizpide Arizmendienean, 19:00etan hasita.
Gainontzeko ekitaldiak hurrengo astebururako utzi dituzte. Larunbat goizerako Literaturan jolasa gauza serioa da idazketa tailerra antolatu dute 12 eta 18 urte arteko gazteentzako. Oier Guillanek emango dizkie azalpenak eta argibideak, Ehuntzen, 10:30etik 13:00etara.
Iganderako, zita bikoitza: eguerdian, Uxue Alberdi eta Amorantek Meza nagusia emango dute, elizan (udalaren sarreren webgunean eskura daitezke txartelak). Arratsalderako, Harkaitz Cano, Beñat Barandiaran eta Maite Larbururekin, Sonetoak 20 modutara, Landetxen, 18:00etan hasita. Sarrerak toki berean lor daitezke.