Hauskortasunari aurre egiteko estrategia, bide onean
Hurkoak eta Pasaiako Udalak elkarlanean bultzatutako Baturan tresna "emaitza positiboak" ematen ari da. Iaz Pasaiako 31 lagunei eman zieten laguntza, eta artatu dituzten kasuetako %71k hobera egin dutela ondorioztatu dute.
Hauskor programaren 2023ko balorazioaren berri eman diete gaur Pasaiako udal ordezkariei Hurkoa Fundazioko kideek. Fundazioak udalarekin eta udalerriko ekosistemako beste eragileekin elkarlanean antolatutako programa da Hauskor, Pasaia Herri Lab estrategiaren barruan kokatutakoa. Honen baitan sortutako Baturan tresnak emandako emaitzak aurkeztu dituzte gaurko saioan.
Programak zenbait helburu dituela gogorarazi dute lehenik, honakoak, besteak beste: “hauskortasun egoeran dauden adinekoei lehen eskuko laguntza ematea euren autonomia sustatuz; euren ehun sozial eta komunitarioa indartzea; eta hauskortasun egoerak atzemateko sare komunitarioa indartzea”.
Proiektu honek gizarte eta hezkuntza arloko esku hartze zerbitzua eta esku hartze psikosoziala barnebiltzen dituela gaineratu dute, “etxean zein komunitatean”. Hala, hauskortasun egoeran dauden pertsonak bizitzen diren ingurunean mantentzea du helburu egitasmoak, “bere autonomia eta garapen pertsonala hobetuz bere bizi proiektua era duinean gauzatzea ahalbidetuz”.
Hauskortasun egoerak neurtzeko sortutako Baturan tresna, diagnostikorako tresna bat ez bada ere, honi esker ateratzen den balioespena gizarte laneko profesionalentzako (gizarte diagnostikoak egiteko) baliagarria dela gaineratu dute udaleko iturriek, “eta lagungarria hauskortasunaren esparruko esku hartzeak planifikatzeko”. Tresna honi esker, egoeren larritasun maila balioetsi eta egoera horietan eragin lezaketen elementuak identifikatzen dituzte alorreko profesionalek, hala aritu dira.
Emaitzak, positiboak
Bada, 2023ko emaitzei erreparatuta, iaz Pasaiako 31 laguni eman zieten laguntza. Udaleko iturrien arabera, emaitza “garbia” da: “Egindako lanak gizarte hauskortasun egoeran dauden adinekoen bizi kalitatea hobetzen lagundu du, akonpainamenduaren bidez eta pertsonek komunitatean parte har dezaten sustatuz”.
Baturan tresnari esker artatu dituzten kasuetako %71k hobera egin dutela ondorioztatu dute. “Hauskortasunean hobekuntzak emateak harekin dakar segurtasun sentsazioa, isolamendua saihestea eta bizi kalitatea duintzea. Eta prebentzio estrategia egokia izanik, menpekotasun egoerak atzeratzen direla atzeman daiteke”, aitortu dute gaurko aurkezpenean. Tresna honek hauskortasun egoerak neurtzeko balio duela berretsi dutela esan dute, eta egoeren bilakaera atzemateaz gain, adinekoen bizi kalitatea “hobetzen” laguntzen duten alderdiak ezagutzeko aukera ematen diela profesionalei.