"Agroekologiak dimentsio feminista landu beharra dauka"
Begiristainek bihar jasoko du Labore Oarsoren Amalur Saria (12:00etan, Oiartzungo udaletxean). Agroekologia feministan egindako lana aitortuko diote, baita Amillubi proiektua ere.
Labore Oarso Amalur Saria ematen hasi zen duela bi urte, eta hainbat ezaugarri biltzen dituzten emakumeak saritu nahi dituzte; ama, emea, emakumea, eta lurra dira kontzeptu horiek. Aurtengo aitortza Mirene Begiristain Zubillagari (Andoain, 1972) EHUko irakasleari egingo diote.
Ekonomia irakasle da, baina elikadura-sistemak ikertu ditu. Agroekologiako hainbat proiektutan buru-belarri sartuta dago, eta egiten dituen ekarpenei begirada morea ematen diola nabarmendu du Labore Oarsoren Konplize Taldeak.
Ekitaldia Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan izango da, 12:00etan hasita. Saria eman baino lehen, Amillubi proiektuaren berri emango dute ekitaldi horretan (Begiristain bertako kide da). Ondoren, Begiristainek berak hartuko du hitza, Elikadura burujabetzaren bide-ikaspenak izeneko hitzartzearekin.
Agroekologia kontzeptua gero eta gehiago entzuten da. Zer den azal zenezake?
Agroekologiak, elikagaiak modu ekologikoan ekoizteaz gain, kontuan hartzen du ekoizpenaren dimentsio ekonomikoa: non, nola eta zein preziotan saltzen den; sortzen den balioa nola banatzen den.
Dimentsio soziala ere badu, lan-baldintzak, tokiko ekonomia edota gizartea kontuan hartzen dituelako. Gainera, elikadura osasuntsua herrikoia izateaz arduratzen da. Kultura dimentsioa ere badu: tokiko landa eremuaren kulturak eta nekazaritza tradizionalak ematen dituen irakaspenak, eta dagoen lurraldearekiko lotura aintzat hartzen ditu.
Agroekologikoak badu teoria agronomikoa, baina nekazarien eta baserritarren praktikak eta ezagutzak aintzatesten ditu. Gizarte mugimendu bat ere bada, eragileekin lotura baitu.
Kontzeptu horri, gainera, feminista izenondoa eransten zaio. Zein ekarpen egiten dio agroekologiari?
Agroekologia krisi ekologikoaren testuinguruan garatzen da. Krisi ekologikoak azaleratu digu muturreraino iritsi garela; desoreka izugarriak erakusten dizkigu, eta produktibitatera kateatu da, kontuan hartu gabe ekomenpekotasuna dugula. Sozialki ere, hainbat muga ere gainditzen ari gara.
Emakume baserritarren autonomia politiko eta pertsonala murriztuta dago
Zaintzarekin azaleratu den bezala, nekazaritzan emakumeen eta talde zaurgarrien bizkar jartzen da zama. Emakume baserritarrek Euskal Herrian, adibidez, ez dute baserri edo lurren titulartasunik izan; ez dute kotizatu; emakumeek nekazaritza proiektuetan jasotzen dituzten diru laguntzak herena baino gutxiago dira…
Horrez gain, zaintza lanetan, %90etik gora emakumeen gainean jarri da landa eremuan, eta ezarritako rolak zein aurreiritziak daude.
Egunotan ikusten ari gara baserritarrak nola egiten ari diren aldarrikapenak kaleetan: lan baldintza, politika publikoen aldaketak… Emakumeek are muturreko baldintzak bizi dituzte. Emakume baserritarren autonomia politiko eta pertsonala murriztua dago; parte hartze sozial eta politikoa ez da ahalbidetu; hartutako erabakiak ez dituzte beraiek bizi izan. Gainera, ez dituzte bortizkeriaren kontrako gune seguruak, eta zerbitzu publikoak gutxiago iristen dira baserritarren guneetara.
Agroekologiak dimentsio feminista espezifikoki landu beharra dauka. Proiektu askotan gerorako uzten dute. Baldintza prekarioen gainean eraikitzen diren proiektuak direnez, emakumeen zapalkuntza ikusezin bilakatzen da.
Andreen hutsunea dago nekazaritzan. Nola eman daiteke ikusgarritasuna?
EAEko Emakume Baserritarren Estatutua duela urte batzuk sortu zen, kontsentsu maila altuarekin, baina ez da garatu. Aipatutako hainbat arlo jaso ziren bertan: autonomia politiko eta pertsonala; mugikortasuna; parte hartzea…
Ekoizpen sistemak planetaren mugen barruan ezarri behar dira
Estatutuarena izan daiteke ikusgarritasuna baliagarri izateko helduleku bat, baina, horrez gain, agroekologiari balioak ikusaraztea eta, zentzu horretan, emakume baserritarren ekoizpenei ikusgarritasuna emateko ere balia daiteke. Aldi berean, erreferenteak sortu behar dira, ikusteko badela posible —adibidez— emakumeek traktore bat erabiltzea, edo espazio seguruak behar ditugula gure formazioak aurrera eramateko.
Krisi ekosozialaren aurrean neurri erradikalak hartu beharko liratekeela defendatzen duzu. Zeintzuk izango lirateke?
Diagnosian adostasun bat eduki beharko genuke: eredua agortua dagoela, eta maila ekologiko eta sozialean beste norabide bat hartu behar dugula. Ebidentzia zientifiko pila bat daude: biodibertsitateari, lurraren ekoizkortasunari, edo ur kutsadurari dagozkienak adibidez. Horrez gain, denok bizi ditugu egunerokoan elikagaien garestitzea, migrazio mugimenduak edo ilegalizazio prozesuak. Irizpide ekonomiko-produktiboa pertsonon eta naturaren gainetik pasatzen ari da.
Bost irizpide defendatu ditugu. Lehena da elikadura desmerkantilizatu egin behar dela: eskolako jantokietan, ospitaleetan edo gainontzeko eremu publiko guztietan elikadura osasuntsua bermatzen hasi beharko ginateke, politika publikoen bidez. Horrekin batera etorri beharko litzateke desfamiliarizazioa. Familia klasikoari lotuta izan diren ereduekiko beste iruditeria bat eraiki beharko genuke. Zaintza komunitarioa ekoizpenera eraman behar da. Familia tradizionaletik at dauden proiektu kolektiboak gero eta gehiago dira, eta tresna juridikoak jarri beharko lirateke.
Bigarren irizpidea da ekonomiaren birlokalizazioa. Tokiko elikadura sistema sustatu behar da, lurraldean sustraitutakoa. Ekoizpen ereduak planetaren mugen barruan ezartzea da hirugarren irizpidea.
Deshazkunderantz bultzatu beharko dira sektore batzuk. Beharrei erantzungo dieten sektoreetan —mugikortasuna, zaintza, energia…— gehiago inbertitu beharko da.
Zeintzuk izango lirateke laugarren eta bosgarren irizpideak?
Laugarrenari dagokionez, funtsezko lanak —zaintza, elikadura…— duindu egin beharko lirateke, pandemia garaian aldarrikatu zen bezala, eta horiek aintzatetsi. Aitortza gutxiko lanak dira, eta horregatik daude hain feminizatuta.
Azken irizpidea demokratizazioarena da. Diskurtso bat egiten da diru laguntzak modu horizontalean banatuko balira bezala; praktikan ez da askotan gertatzen. Nork du aukera, denbora edo ezagutza planteatzen diren demokratizazio irizpiderik gabeko diru laguntza edo zerbitzuak lortzeko? Eredu agroekologiko batekin lotutako neurriak dira. Hitz potoloekin esaten den arren, funtsean, gauza berbera aldarrikatzen ari dira: proiektu kolektiboak; erraztasunak elikadura osasuntsu batera iristeko; esportazioetara bideratu beharrean tokiko sistema sustatzea; lan baldintza duinak; emakumeen eskubideak…
Krisi ekologikoa ezin da ulertu ez baldin baditugu kontuan hartzen krisi sozial eta ekonomikoak. Batak bestea dakar, elkar elikatzen dira. Diagnostiko horretatik abiatzen gara gu, eta erroetara jo nahi dugu; gure gizarte paradigma seinalatzen du.
Nekazaritzarik gabeko elikadurara al goaz? Zein etorkizun egongo litzateke nekazaritzarik gabe?
Aurreko galderarekin oso lotua dago. Krisi ekologiko-sozial horren diagnosian, gauza batzuetan ados egon gaitezke: krisi klimatikoa, jasangarritasuna… Horrekin ados egotea politikoki zuzena izatea dela ematen du, baina bidegurutzea galdera horrekin lotuta dago: diagnosiarekin ados bagaude, zein da irtenbidea? Nola egingo dugu?
Ikusi da politika publikoetan —Next Generation funtsen banaketan adibidez— elikagaien industria digital bat sustatzen ari direla. Horregatik irekitzen dira Donostian haragi sintetikoaren lehenengo planta, Eusko Jaurlaritzak Bizkaian eta Gipuzkoan sustatzen ari den piszifaktorien industria, edo Arabako Tuesta herriko hidroponiako —lurrik gabeko barazkien ekoizpena— dozenaka hektareako negutegiak. Nekazal eskoletan sustatzen ari den eredua da. Badirudi mirari teknologikoarekin sinetsita gaudela.
Eredu digitalizatuak mozkin ekonomikoak jartzen ditu erdigunean
Ahazten dugu erregai fosilekin ibiltzen diren auto guztiak ezin direla elektrikoengatik ordeztu. Nekazaritzan berdin: ez dago baliabide nahikorik nekazaritza digitalizatu bat aurrera eramateko, eta denontzako elikagai modu justuan sortzeko.
Noren esku utzi nahi dugu etorkizuneko elikadura? Hori dago jokoan. Nolako nekazaritza daukagun, halako elikadura eta lurraldeak izango ditugu. Teknologiaren aldeko apustu horrek kristoren albo kalteak ditu baliabideen agortzean, biodibertsitatean, osasunean, baita arlo sozialean eta kulturalean ere. Ez dugu ahaztu behar, gainera, eredu digitalizatuak mozkin ekonomikoak jartzen dituela erdigunean. Ez da gizarte hobeago baten aldeko apustua, irabazi ekonomikoen aldekoa baizik.
Nekazaritzak etorkizunik baldin badu, laguntzak jasotzeaz gain, bere identitatea berriro formulatu beharko al luke, esentzialismoan erori gabe?
Etorkizuneko nekazariak zeintzuk diren irudikatu behar dugu. Gertatzen da erreleborik ez dagoela; dagoena ere familia tradizionaletatik kanpo dator. Identitatea birformulatzen badabil azken urteetan: hiritik datorren jendea instalatu da eredu agroekologikoan; emakume gehiago; migratuak… Profil horiek dira etorkizuneko baserritarrak.
Identitatearen formulazioa oso lotuta dago elikaduraren funtzio sozialarekin, osasuna edo hezkuntza bezala. Badaude adibideak: Frantziako Estatuan badaude, eskualdeetan, elikaduraz arduratzen diren langile publikoak; edo, Bergaran eta Oiartzunen, baserritarrei oporrak eta bajak ordezkatuko dituztenak daude.
Azken asteetan izan diren nekazarien mobilizazioak, heterogeneoak izan arren, zerbaiten sintoma dira, ezta?
Eskuin-muturra indartzea zerbaiten sintoma den bezala, nekazarien mobilizazioak —heterogeneoak izan arren— ere badira. Ikusten ari garena bada arazo komunen sintoma bat: errentagarritasun ekonomiko batera iristeko zailtasunak, oztopo burokratikoak, lehengaien garestitzea, nazioarteko merkatuen liberalizazioa areagotzea…
Ekoizle guztiei eragiten die, bai, baina ez modu berean. Handientzako eta txikientzako gauza burokratikoak ez dira berdinak, handienei diru gehiago bideratzen zaielako. Euskal Herrian laguntzen %50 ekoizleen %10ek eramaten dute.
Europatik datorren Nekazaritza Politika Bateratuaren arabera, zenbat eta azalera handiagoa duzun orduan eta diru gehiago jasotzen duzu. Eredu intentsiboak sustatzen dira, monolaborantzakoak: ukuilu handiak, mahastiak… Eredu dibertsifikatuagoa, familiarragoa eta txikiagoa daukanaren kalte doa. Prezioen garestitzeak denei eragiten die, baina finantza-marjina handiagoa dutenek errazago egin diezaiokete aurre.
[Amillubi] motibagarria ere bada, etorkizuna beste era batera eraiki daitekeela erakusteko
Arazo komunak dira, bai, baina denei ez diete berdin eragiten. Nire ustez, kalean dauden mobilizazioetatik kezkagarriena da zer aterako den horretatik. Baldintza materialak apenas bermatuta dituztenei oztopo burokratiko gutxiago jartzen badiete edo nazioarteko merkatuen liberalizazioaren testuinguruan hobekuntza bat, arnas pixka bat emango die, baina ez da arazoaren muinera joan.
Duela bi urte glisofato pestizidaren erabilpena luzatu zen moduan, beste baldintza ekologikoak murriztu nahi dituzte. Oso kezkagarria da orain hori esaten ateratzea. Europako Itun Berdearen kontrako nekazaritza-eredua sustatuko da? Kezkagarria da bizi garen krisi ekologikoan hori sustatzea.
Ekoizpen-eredu iraunkorragoa nahi badugu, bestelako arazoei heldu behar zaie. Bestela, sektorearen etorkizuna ez da bermatuko.
Euskal Herrian ere, eztabaida lasai eta babestuak sortu behar ditugu, herri gisa elikadura burujabetzan. Sektore barruko aliantzetatik eta eztabaida zainduetatik etorriko da benetako erantzuna. Herri nekazari subjektu baten falta dugu. Kontua da lehen sektoreko hainbat eragilek diru-laguntzekiko menpekotasuna dutela, eta alderdikeria asko ere badagoela.
Amillubi proiektua ere aitortu nahi dute Amalur Saria zuri emanda. Zer da?
Biolurrek sustatutako proiektua da, nahiz eta talde eragilean beste batzuek ere parte hartzen duten. Elikadura burujabetza modu praktikoan eraikitzera datorren proiektu kolektiboa da. Adibide desiragarriak posible direla ikusarazi nahi du. Lurraren babesera eta ekoizpenera bideratutako proiektu bat da. Ipar Euskal Herrian Lurzaindiaren proiektua dago, eta legeak lagunduta —Hego Euskal Herrian ez bezala—, lurrak babesten dituzte. Aitzindari izan nahi du lur espekulazioaren kontrako borrokan.
Biolurrek erosi egin ditu Amillubi baserriko zortzi hektareako lurrak, prezio ez-espekulatiboan. Ekoizpen ekologikora bideratuko dira, lan baldintza duinetan, gipuzkoarren zerbitzura jartzeko. Diru bilketa egiten ari gara; herriaren ekarpenetatik herriarentzako garatu nahi dugu. Informazio gehiago aurki daiteke proiektuaren webgunean.
Uste dut Hego Euskal Herrian proiektu erreferentziala izango dela, estrategikoa. Motibagarria ere bada, etorkizuna beste era batera eraiki daitekeela erakusteko. Dei egiten diot jende guztiari sar dadin, eta horren parte izan dadin. Testuinguru ilunean bizipoz pixka bat ematen du.