"Sariak hauspoa ematen du, sareak eraikitzen jarraitzeko"
Hirugarren Amalur Saria eman diote gaur Mirene Begiristain Zubillaga EHUko irakasleari. Hitzaldiekin biribildu dute gaurko sari banaketa.
Mirene Begiristain Zubillagak merezitako aitortza jaso du gaur Labore Oarsoren eskutik, hirugarren Amalur Saria eman baitiote EHUKo irakasleari. Gaur egin dute sari banaketa, udaletxeko pleno aretoan egindako ekitaldian.
Ekonomian doktore da Begiristain, eta EHUko irakaslea da gaur egun. Hainbat esparrutan ere aritzen da, proiektu askotan militatzen baitu: lehen sektorean, agroekologian, lurraren eta lurra zaintzen dutenen zaintzan, besteak beste. Hori bai, beti ikuspegi feminista batetik aritzen dela nabarmendu dute Laboreko kideek gaurko ekitaldian. Gaur egun, Amillubi proiektuko kide da, Zestoako baserria eta bere lurrak ardatz dituena.
Saria eman baino lehen Amillubi proiektua aurkeztu du Begiristainek. Ondoren, eta gaurko ekitaldia biribiltzeko, Elikadura burujabetzaren bide-ikaspenak izeneko hitzaldia eskaini du.
HITZArekin tartetxo bat hartzeko aukera izan du Begiristainek. Aitortu du “oso pozik” dagoela jasotako sari eta aitortzarekin: “Pozgarria da, agroekologia eta elikadura burujabetzaren alde egiten ari garen bide horretan ikusarazi eta errekonozitu egiten delako, eta sariak hauspoa ematen du ere bai, sareak eraikitzen jarraitzeko”.