Sanpedrotarrak, bikain Ergometroko Gipuzkoako Txapelketan
Larunbatean jokatu zen Donostian herrialdeko ergometro txapelketa. Osotara bost domina eskuratu zituzten sanpedrotarrek.
Dominak irabazi zituzten San Pedroko bost arraunlariak. Argazkia: Sanpedrotarra Arraun Elkartea. Loren Jauregik baditu jarraitzaileak. Larunbatean jokatu zen Donostian, Ur Kirolak Arraun Elkartearen egoitzan, Gipuzkoako Ergometro Txapelketa. Bertan bi urre Sanpedrotarra Arraun Elkarteko kirolari gazteentzat: mutilen Haur Mailan Yosua Mestayer Lopez izan zen onena, eta nesken Kadete Mailan, berriz, Izar Perkaz Diaz indartsuena. San Pedrokoenaz gain, Pasaiako beste arraun elkarteek ez zuten ordezkaririk izan lehian.
Bi garaipen horiez gain, ohorezko beste hainbat postu lortu zituzten moreek. Adibidez, Erro Lurgain Tolosa hirugarren izan zen mutilen haurretan; Lucia Lain Arratibel hirugarren ere, baina nesken haurretan; kategoria horretan zazpigarren izan zen Enara Barbarin Izurieta. Bestalde, mutilen Kadete Mailan, Beñat Mayo Salaberriarentzat izan zen brontzezko domina.
