Eskola Kirola, jasangarritasunaren bidean sendo
Oarsoaldeko Eskola Kirolak bizitza jasangarriaren aldeko apustua sendotu du, joan-etorri jasangarriak sustatzen dituzten neurriak bultzatuz. Iaz, desplazamenduen %43,64 modu jasangarrian egin ziren.
Oarsoaldeko Eskola Kirolak bizitza jasangarriaren aldeko apustua sendotu du. Eskola Kirola osatzen duten eragileek jasangarritasunarekiko konpromisoa berritu dute, kirol saio eta jardunaldietarako joan-etorri jasangarriak sustatzen dituzten neurriak bultzatuz. Jasangarritasunaren bide hori 2013-2014 denboraldian abiatu zuten, eta hamargarren urteurrena bete ahala, bizi estilo jasangarriagoaren aldeko ahaleginek aurrera dihardute eskualdean.
Eskola Kirolak, jarduera fisikoaz gain, hezkuntza eta osasunaren zaintza ere sustatzen ditu. Ikasturte bakoitzaren bukaeran, jasangarritasunarekiko konpromisoa saritzen da, joan-etorri jasangarrien bidez gehien lagundu duten parte hartzaileak eta ikastetxeak aitortuz. Sariek, esaterako, honakoak errekonozitzen dituzte: bizikleta gehien erabili duen haurra edo joan-etorri gehien egin dituen ikastetxea. Hala, parte hartzea eta ingurumen kontzientzia sustatu nahi dira.
Eskola Kiroleko asteburuetako jardunaldietan, desplazamenduen jarraipena eta neurketa egiten dute Kirolaisi XXIeko teknikariek eta ikastetxeetako koordinatzaileek. 2022-2023 ikasturteko datuen arabera, desplazamenduen %43,64 modu jasangarrian egin ziren; orotara, 5.070 joan-etorri jasangarri egin ziren eskualdean.
Iazko zenbaki horiek Eskola Kirolean parte hartzen duten 1.040 lagunek baino gehiagok eta haien familiek Oarsoaldean jasangarritasunarekin duten konpromisoa agerian uzten dutela adierazi du Oarsoaldea Garapen Agentziak. Datu horiek “itxaropentsuak” badira ere, bizitza jasangarriagoaren erronka hasi besterik ez dela egin nabarmendu du garapen agentziak. Hori dela eta, honako aldarria egin du Oarsoaldeak: “Lanean jarraitu beharra dago Eskola Kirola praktika jasangarrien adibide izan dadin”.
Garapen agentziak Eskola Kiroleko partaide guztiei luzatu die jasangarritasunaren aldeko erronkan parte hartzera, “ohitura osasungarriak jarraitu eta etorkizun jasangarrirako bideaz gozatzera”.