Inurrien komunitate txiki-handia
Minbizia normaltasunez, tabuetatik libre eta ikuspegi feminista batetik lantzen duen elkartea da Inurri. Gaixotasuna zuzenean edo zeharka izan duten 200 pertsonek baino gehiagok osatzen dute.
Inurriak, txikiak izan arren, indar handia duten intsektuak dira, nekaezinak. Beren pisua 50 aldiz altxatzeko gai dira. Halakoxeak dira Inurri elkartea osatzen duten inurriak; bizitzak bizkar gainean zama handi bat jarri eta horri aurre egin dioten, egiten ari diren edo, zeharka, prozesuan laguntzen duten pertsonek osatzen dute. Julene Illarramendi da elkartearen sortzaileetako bat, Miren Cuerdorekin batera 2019an sortu zuen elkartea. Harentzat Inurri «tribu bat da, familia handi bat, gai batek batzen gaituena, kasu honetan, minbiziak». Egun 200 bat lagunek osatzen dute, gehienbat emakumeak dira, horietako zenbait Oarsoaldekoak eta Bidasokoak. Elkartearen talde eragilea bost emakumek osatzen dute: Julene Ilarramendik, Miren Cuerdok, Jordina Arnauk, Olatz Merkaderrek eta azkenik, duela bost hilabetetik, Artitza Albisuk.
Akonpainamendua, formazioa eta dibulgazioa egiten dute, eta hori guztia, ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik. Egiteko modu hori oso garrantzitsua dela kontatu du Illarramendik. «Guretzako bizitzeko modu bat da, eta horrek, dena englobatzen du. Minbiziaren, eta gehienbat bularreko minbiziaren gaian, ikusi genuen akonpainamendua ez dela feminismotik egiten, ez da existitzen». Elkartean, ordea, ez dute egiteko beste modu bat ulertzen. «Pertsonak epaitu gabe akonpainatzea, zaintzea, bakoitzak hartzen duen erabakia zilegi dela erakustea… Errazak diren gauzak dira, baina ikusten dugu horiek gizartean ez direla aplikatzen».
Zentzu berean, ahalduntzerako erremintak ematen dituzte. Ahaldunduta sentitzea prozesu baten ondorioa izaten da, eta besteak beste, erabakiak beren nahiak kontuan izanda hartzea ahalbidetzen die kideei. Lasarteoriarrak azaldu duenez badaude kasu batzuk non pertsonak gaixo izan, eta zaila den ahaldunduta sentitzea. «Baina orokorrean, pertsonak entzunak sentitzen direnean, pertsonak bezala ikusten dituzunean, berdinetik pasa diren beste pertsonak ezagutzen dituztenean, edo bularra ez berregitea erabakitzen dutenean ez dutelako nahi… Hori ere ahalduntze prozesu baten ondorioa da».
«Minbiziaren akonpainamendua ikuspegi eraldatzaile feminista batetik egitea beharrezkoa zela ikusi genuen»
Azken horri helduta, bularreko minbizia dutenek presio estetiko handia jasaten dutela kontatu du Inurriko sortzaileak, medikuetatik hasita. Elkartean ikusi dutenez, gazteek bularra berregiteko insistentzia gehiago jasaten dute. Helduen kasuan, berriz, kontrakoa gertatu ohi da. «Helduagoa bazara eta bularra berregin nahi baduzu ezetz esaten dute maiz, zure gorputza jada ez delako desiragarria eta ez duzulako behar. Nahi gabe kanpoko eragin asko ditu gure gaztetasuna sentitzeko moduak».
Medikuen edo bikotekideen influentzia handia izan daitekeela azaldu, eta horregatik, norberak nahi duena nahi duelako egitearen ideia transmititzen saiatzen dira, puntu horretara iristea «zaila» izan daitekeen arren. Bularreko minbizia elkartea osatzen duten askok eta askok izan duten edo jasaten ari diren minbizia den arren, beste mota bateko minbizia dutenek ere osatzen dute elkartea. Metastasia duten edo minbizi mota arraroak dituzten pertsonak jarri ditu Illarramendik adibide gisa.
Kideak, protagonista
Babes sare handi eta segurua da Inurri, eta hori lortzeko gakoa elkarteko kideei protagonismoa ematean dagoela ziurtatu du Illarramendik. Elkarren arteko zaintza ekintza sinpleen bidez lortzen dute. «Askotan oso gauza sinplea da, ez da beste munduko gauzarik egin behar. Agian, ondoan dugunari zer behar duen galdetzea izan daiteke, edo gaixoak subjektu aktibo bihurtzea, hau da, eragile bihurtzea, gaixo denek beste prozesu batean dauden gaixoei lagundu diezaieketelako». Ikusi dutenaren arabera, beraz, egoera antzekoan dauden pertsonak elkartzeak eta minbiziaz hitz egiteak onura handia egiten die. Hasieran sare sozialen, helbide elektronikoaren edo telefono dei bidez egiten dute kontaktua elkartearekin. Ondoren, talde eragileko kideek pertsona horri laguntzeko modua pentsatu, eta laguntza bideratzen dute. «Pertsonak kontaktuan jarri eta gero beraiek egiten dute lana».
Inurriak harremanetan jartzeaz gain, beste hainbat modutara jasotzen dute babesa. Hala nola, arreta telefoniko bidez, beraiekin hitz egiteko geratuz, edo WhatsApp-etik. Sare horretan talde handi bat dute, 190 pertsonakoa: elkarren arteko komunikazio zuzena ahalbidetu eta egoera pertsonalak partekatzeko edo iritzia jasotzeko baliabidea da. Illarramendi: «Batek galde dezake: ‘Gaur hasiko naiz kimioarekin. Zeinek eduki du albo efektu hau?’, edo ‘bihar galdetuko didate bularra berreraiki edo ez. Zer iritzi duzue?’. Halako momentuetan garrantzitsuena, eta askotan egiten ez duguna, entzutea izaten da». Elkartera gerturatzen diren guztiek «oso-oso gustura» daudela esaten diete, eta elkarteak zabaltzen duten energia eta indarra ikusita bertan zer egiten duten galdegiten diete askotan. Ez dute errezeta magikorik. «Batzuetan pertsonen beharrei entzun eta horren arabera ez epaitua sentiaraztea, kulpa kentzea izaten da gakoa. Minbiziak badu gauza bat dela askok beren buruari kulpa botatzen diotela. Orduan, Inurri espazio bat da non ez duzun epairik jasoko, eta entzungo zaituzte». Lehenengo arretaz gain, hainbat plan antolatzen dituzte: bazkariak, erretiroak, tailerrak eta ekintza kulturalak.
«Ez dugu errezeta magikorik. Batzuetan beharrei entzutea, ez epaitzea eta kulpa kentzea da behar dutena»
Espazio seguru horretan denek dute lekua. Minbizia hitz bera minaz ari da, ez bakarrik pairatzen dutenentzat, baita alboan dauden senide eta lagunentzat ere. Haatik, horientzako komunitatea ere bada Inurri, eta Illarramendik funtsezko lana izaten du horretan. Haren ama duela sei urte hil zen, hamar urteko prozesu luze baten ondoren. «Hamar urte nituenetik hogei urte izan arte egon zen nire ama gaixo. Noski gaixoarentzat baliabideak daudela, baina akonpainamendua ondo eramateko guretzat ez zegoen inongo baliabiderik, eta askotan, laguntzea oso zaila zen. Ez digu inork erakusten ez nola akonpainatu, ezta dolu bat nola eraman ere».
Esperientzia pertsonal horretatik abiatuta, hori zeharka bizi dutenentzako akonpainamenduari lekua ematen saiatzen da. Kasu horretan ere, prozesua antzekoa izaten da. Hala, pertsona bat hil dela edo akonpainamendu bat egiteko premia duen norbait ezagutuz gero, Illarramendi bera eskaintzen da harekin geratu eta gaiaz hitz egiteko, edo beste zenbaitetan, norbaitengana bideratzen du.
Komunitate sendoa duten arren zenbaitetan egoera gogorrak bizitzen dituzte, eta, kasu horietan, sentimendu «gazi-gozoa» izaten dute kideek. Hala ere, maitasunak egoera txar guztiei gain hartzen diela adierazi du gazteak.
Egiten dutena sozializatzen
Inurri elkarteak podcast saio bat du. Iaz grabatu zuten lehen denboraldia eta aurten bigarrenari ekin diote. Inurri batzuk bazkaltzeko geratu, eta horietako baten senarrak bertako hizketagaia jendean entzun beharko litzatekeela bota zuen. Orduan, proposamen hori errealitate bihurtzeko modu errazena podcast bat sortzea zela pentsatu zuten.
Podcasta jendea laguntzeko beste modu berri bat da. «Iruditzen zaigu Inurrira jende asko gerturatzen dela. Baina beste asko agian ez dira gerturatzen beldurrak dituztelako, edo ez delako unea. Orduan, podcasta laguntzeko beste modu bat da. Zuk zure etxean entzun dezakezu eta nahi duzunean kendu». Entzunezko euskarriaz gain, bertso saio musikatu eta solidarioak antolatzen dituzte, Tabuen kutxatik oholtzara dute izenburu. Azkena Oiartzunen izan zen otsailaren 24an. Saio horiek bereziak izaten dira; izan ere, Amaia Agirre gai jartzailearekin batera aritzen dira minbizia pasa duten elkarteko zenbait kide. Ondoren, bertsolariek, gai horiei ematen diete lekua.
«Hainbeste maitasun eta indar dugu, horrek gogortasunari gain hartzen diola»
Urtero, gainera, egutegiak egiten dituzte. Iaz inkesta bat egin eta «gehiengoak ez zuen bular bakarra zuen emakume bat inoiz ikusi». Orduan, hori ere erakutsi egin behar zutela pentsatu zuten. Egutegian bi bular, bular bakarra edo bularrik gabeko emakumeak ikus daitezke, baita gorputz anitzak ere. Hori ere badelako elkarteak aldarrikatzen duen zerbait, taburik gabeko bizitza libre bat.
Inurriren (MIN)Bizi podcasta
Olatz Mercader-ek gidatzen duen podcasta da eta atal bakoitzera inurri ezberdinak gonbidatzen ditu, minbizia lehen pertsonan bizi duten pertsonei ahotsa emateko asmoz. Dagoeneko 13 atal dituzte, eta horiek, euskaraz zein gazteleraz entzun daitezke. Gai anitzak jorratzen dituzte. Besteak beste, minbizia zutela jakin zuenekoaz, tratamenduez, gorputzaz, sexualitateaz, metastasiaz, tribuaren indarraz, inkomunikazioaz eta bidelagunez aritzen dira. Atal guztiak Spotify plataforman daude entzungai.