Barne Parkea du Lezok
Ludotekaren egoitza libre denean haurrekin familia planak egiteko aukera zabaldu du Lezoko Udalak, Barne Parkearekin.
Ludotekaren egoitzan ezarri dute Barne Parkea. Zenbatetan gertatu izan da familiek haurrekin jolasteko kalerako plana egin, eta eguraldiagatik zapuztea? Bada horri erantzuna eman dio Lezoko Udalak. Ludotekan, Barne Parkea zerbitzua abiarazi du, eguraldi txarra denean (edo nahi denean) familien eta haurren arteko aisia planak egin ahal izateko. Lagun artean aisiaz gozatzeko eremu estalia izango da.
Ludotekak zerbitzua ematen ez duen ordutegietan erabili ahal izango da azpiegitura. Baina beti erreserba egin beharko da: tokia gordetzeko eskaerara joateko (edo informazio gehiago eskuratzeko), egin klik hemen. Xehetasun gehiago eman ditu udalak: “Familia Lezoar batek lagun talde batekin joateko asmoa badu, beraietako batek erreserba egiteko ardura hartuko luke eta bertaratuko direnen kopuru zehatza ipini beharko luke”. Pertsona hori bihurtuko litzateke eremuaren arduradun, eta giltza Udaltzaingoan jaso eta itzuli beharko du.
Erreserbak, aretoa erabili nahi den eguna baino 24 ordu lehenagotik egin behar dira gutxienez. Edukiera muga ezarri dute: 30 pertsonakoa. Badaude beste arau orokor batzuk, honakoak:
- Barne Parkearen erabilera bukatutakoan, topatu den era berean utzi beharko da, gauza guztiak zeuden lekuan utziz, eta behar izanez gero, lokala garbituz.
- Ezingo da merendolarik egin.
Honako ordutegietan erabili ahalko da Barne Parkea:
- Astelehenetan: 09:00-14:00.
- Astearteetan: 09:00–10:00 eta 11:30–14:00.
- Asteazkenetan: 09:00–14:00.
- Ostegunetan: 09:00– 0:00 eta 11:30 14:00.
- Ostiraletan: 09:00– 14:00.
- Larunbatetan: 09:00–19:00.
- Igandeetan: 09:00–19:00
