Eneko Castillo, euskaldun onena Kixote Txapelketan
Espainiako Estatuko zirkuituko lehian 18. izan zen Lezoko Beleak taldeko kidea. Markel Amat sanpedrotarra, bosgarren Europakoan.
Lezoko Beleak taldeko Eneko Castillo eskrima kirolaria 18. izan zen joan den asteburuan Ciudad Realen (Gaztela Mantxa, Espainia) jokatu zen Kixote Txapelketan. Espainiako Estatuko zirkuituko lehia izan zen, eta haren kategorian (15 urtez azpikoetan) lehen euskalduna izan zen.
Lehen fasean, ligaxka modukoa, bere multzoko lehena izan zen Castillo, eta horrela aise lortu zuen kanporaketen fasera sailkatzea borrokaldi guztiak irabazita. Final-hamaseirenetan Oscar Rovira valentziarra izan zuen aurrean, eta amore eman behar izan zuen. Hala ere, Lezoko taldekoek balorazio baikorra egin dute: “Meritu handiko lorpena izan da herriko klub gaztearentzat. Espainiako Estatuko lehia batera egin dugun bigarren irteera izan da”. Zirkuitu horretako hurrengoa Bartzelonan izango da, apirilean. Espainiako Txapelketaren aurreko azkena izango da.
Markel Amat, Europakoan
Bestalde, Markel Amat sanpedrotarra Napolin (Italia) izan zen lehian, Kadeteen Europako Txapelketan, Espainiako selekzioarekin. Taldekako modalitatean parte hartu zuen. Haren taldea bosgarren izan zen sailkapen nagusian: Italia izan zen urre, Bulgaria zilar, eta Hungaria brontze.