Oiartzun ibai arroan, hondakin bilketa
Mater Ontzi Museo ekoaktiboak antolatuta, puntu ilun izendatu duten Fanderia auzoko eremuan egingo dute garbiketa. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte.
Oiartzun ibaiaren arroan pilatutako hondakinak bilduko dituzte. Mater Ontzi Museo ekoaktiboak antolatu eta Errenteriako Udalak babestuko duen ekintzaren bidez, Oiartzun ibaiaren ibilgua eremu jakin batean garbitu, eta herritarren artean kontzientzia sortu nahi dute: “Ingurune hurbilena zaintzeko balioak transmititu nahi dituzten Oarsoaldeko familientzat jarduera ezin hobea da, kontserbazio aktiboa eta herritar zientzia batzen dituen esperientzia”.
Ez da berria Oiartzun ibai arroan hondakinak biltzeko jarduera, eta 2020ko urrian egindako bilketan jasotako hondakin kopuru handia dela eta Fanderia auzo inguruan, eremu hori puntu ilun izendatu zuzen. Oraingo honetan, hain justu, eremu horretan hartuko dute esku garbiketa egiteko. Arditurriko bidegorriaren parte da, Errenteria eta Oiartzun arteko mugan dago kokatuta, bizikletak garbitzeko gunean hasi eta Talaia Poligonoko atsedenlekura arte.
“Gure ibaia zainduz, gure osasuna zaintzen ari gara, eta hondakin bilketak esperientzia paregabea dira kontzientzia hartzeko eta ekintzetara jauzi egiteko, gure ondar alea jarriz”, esan du Sara Lizarzak, Materreko herritarren zientzia proiektuen arduradunak. Libera proiektuaren barruan antolatu dute aurten ere hondakin bilketa eta Errenteriako Udalak bat egin du.
Telleri Alde ikastetxeko DBH 3ko ikasleek ere bat egin dute ; itsas hondakinen erronka hezkuntza proiektuan hartzen dute parte. Bilketan parte hartzeaz gain, ikasle horiek informazio postu bat jarriko dute, emaitzak zabaldu eta herritarrak ibaiaren zaintzaren gainean eta kontsumo ohitura iraunkorren gainean sentsibilizatzeko.
Bizikleten garbigunean jarri dute zita, 16:00etan hondakin bilketa egiteko, eta eskularruak eta zakuak jantzita, arroaren puntu ilun horretan ibai bazterrean pilatutako zaborrak bildu, eta karakterizatu egingo dituzte ondoren.
Herritarrak, eragileak eta elkarteak parte hartzera deitu ditu Materrek. Jarduera doakoa da, baina izena eman behar da aurrez, 61981 42 25 telefono zenbakira deituta edota posta elektronikoz (klik egin hemen). Arropa erosoa, eta zapatilak edo botak eramatea gomendatu dute. Hondakin bilketa eta karakterizazioa eginda, askari “jasangarria” egingo dute bildutakoek, eta tokiko ingurumenaren balorea ezagutarazten dituzten hainbat opari zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean.