Emozioz eta berezitasunez beteriko Mariasun Landa Sari Banaketa
Emakumeen egunaren biharamunean Errenteria-Oreretako emakumeei buruzko idazlanen sari banaketa egin dute.
Aurtengo Mariasun Landa Sariak banatzeko ekitaldia emozio handikoa izan da. Beste edizioekin alderatuta, “akaso” bereziena. Aurkezleak Mariasun Landarentzat urte berezia izaten ari dela kontatu du. Sari eta errekonozimendu asko jaso ditu azken hilabeteetan, Emakunderen Berdintasun saria edo Gutun Zuria sariak, esaterako, berdintasunaren alorrean egindako ibilbide eta lan guztiagatik. Baina ekitaldia ez da horregatik soilik berezia izan. Edizio honetan inoiz saritu den emakume kopuru handiena saritu dutelako baizik. Sei izan dira guztira.
Urtero bi sari banatzen dituzte, ‘Emakumezkoei begirada onenaren saria’ eta ‘Emakumezkoen begirada onenaren saria’. Horiez gain, aurten, aipamen berezi bat egin nahi izan dute.
Aipamenarekin hasi dute ekitaldia. Iragan urtean saridun izan zen Iñigo Legorburuk idatzi duen testuan lau emakume dira protagonistak: Sonia, Kalisha, Fatima eta Hanane. Jatorri arabiarra duten lau emakume dira eta Errenterian beren kultura sustatzeko eta mantentzeko lanean dihardute, oinarrizkoenetik hasita, hizkuntzatik. Errenteriako Euskaltegian arabiera klaseak ematen dituzte larunbatetan. 5 urtetik 19 urtera bitarteko gazteak dituzte ikasle. Astean zehar ere ematen dituzte klaseak. Kasu honetan, adinekoei. Hortaz gain, Eguzki elkarteko beste emakume batekin herrira heltzen diren familia zein norbanakoei harrera egin eta laguntza eskaintzen diete. Idazlanean amets bat dutela aipatzen du Legorburuk: “Lanean eta ekonomian arabiar komunitateak garapena lortzea Errenteria koloretsu, multikultural eta integratzaile bat lortzeko”.
Protagonistetako bi sari banaketan izan dira eta haietako batek hartu du hitza. Legorbururi eta Aizpea Otaegi alkatesari eskerrak eman ondoren, aldarrikapen bat egiteko baliatu du momentua. Emakume arabiarrek lana bilatzea zail izaten dutela nabarmendu du, “jende guztiak jakin behar du beloa jantzi bat gehiago dela, ez du ezer aldatzen. Aldaketak ikasgeletan egon behar du. Berdinak eta aldi berean ezberdinak gara” amaitu du.
Emakumezkoei begirada onenaren saria
Txalo zaparradaren ondoren, segidan, ‘Emakumezkoei begirada onenaren saria’ banatzeari ekin diote. Nagore Perez Fernandez-ek idatzitako Mugitua izan da idazlana izan da saritua. Bertako protagonista Ana Mari Ugalde Ugarte izan da. Gazte ezkondu eta lau seme alaba izan zituen. Gaztetan ezin izan zuenez ikasketak berandu samar egin eta Orereta Ikastolako irakasle izan zen. Ugaldek euskara etxean ikasi zuela kontatu dute. Baina Frankismoaren garaian Errenterian ez zela askorik erabiltzen. Haatik, jendeak euskara erraz ikasteko erreminta bat behar zela pentsatu zuen Ugartek. Gau eskolak sortu eta irakasle gisa aritu zen haren senarrarekin batera 1972tik, 28 urte zituela, 75 urte bete zituen arte. Hari esker “pertsona askok eta emakume askok” euskara ikasi zutela nabarmendu dute.
Nagore Perezek bertaratu ezin izan duen arren haren alabak, Eider Garcia Perezek, jaso du saria. Haren amaren testu bat irakurri eta bertan, epaimahaiari eta udalari eskerrak emateaz gain, Koldo Mitxelenari zein Ana Mari Ugalderi eskerrak eman dizkie, “niretzat ereduak direlako”. Emakumeen Etxeko aretoko lehen lerroan zegoen eserita Ugalde. Zeharo hunkituta, harentzat gau eskolak “satisfazio handia” izan zirela esan du eta guztiei eskerrak eman dizkie.
Emakumezkoen begirada onenari saria
Axun Ertzibengoak idatzitako Sendagaia norbera denean idazlana izan da ‘Emakumezkoen begirada onenari saria’ jaso duena. Idazlanak Bittori Arrieta Arretxe du protagonista. “Gelditu ezin den emakume horietako bat da Bittori” esan du aurkezleak, eta ez zaio arrazoirik falta. Aurten 90 urte beteko ditu Arrietak eta bizitza oso bat besteak zaintzeari eskaini dio. 8 urterekin gurasoek eskolaz aldatu eta inguruko haurrak eskolara laguntzeaz arduratzen zen. 14 urterekin josten hasi zen gurasoen etxean, amarekin. Ama gaixotu eta hura zaintzera dedikatu behar izan zen, lana gauez egiten zuelarik. Gurasoak zendu, anaia etxetik joan, gazte alargundu eta alabek beren bizitza egin zutenean Arrietak besteak zaintzeari utzi eta bere burua zaintzen hasi zela kontatu dute. “Nola? Bada, etxetik lanpo laguntzen”. Gurekin taldean hasi zen laguntzen, ondoren, Gurutze Gorrian jarraitu zuen. Gero, Jesusen Bihotza Zaharren Egoitzan ibili zen. 2010 urtean Berdintasun Batzordean parte hartu zuen eta Mintzalagun gisa aritu zen ere.
Arrietaren bizitza deskribatu bitartean malko ugari isuri dira aretoan. Hunkitu direnen artean izan da Ertzibengoa. Saria jasotzera gerturatu denean gaur saritutako lana aurrekoekin alderatuta desberdina izan dela kontatu du. Areto berean, duela urte batzuk, emakume batek Bittori Arrieta Errenteriako historia bizia zela aipatu zion. Ideia horrekin denbora bat bueltaka ibili ondoren, azkenean, haren historia ezagutzera ausartu zen. “Ez nekien zerekin egingo nuen topo eta bizitza zaintzari modu desberdinetan eskaini dion emakume batekin aurkitu naiz. Bere burua zaindu du besteak zainduz, eta nik uste dut, agian hori dela bera jabetzen ez dena, baina beste guztiok ikusten duguna”. Haren ondoren, Arrietak hartu du hitza eta “bihotzez bihotzetik” eskerrak eman dizkie denei.
Azkenik, Berdintasun Kontseiluaren izenean Karmele Fernandezek hitz batzuk esan nahi zian ditu. Hunkituta hura ere Arrieta saria jasotzen ikustea “pozgarria” dela esan du. Elkar aspaldi ezagutu zuten, “ze ezberdinak ginen adinean, esperientzian…. Baina berdinak jakin minean, egiteko gogoan eta berdintasun handiagoko herri bat lortzeko ilusioan”.