"Festa eguna" Antxon, Korrikari behar bezalako ongi etorria egiteko
Antxoko Korrika Batzordeak egun osoko egitaraua antolatu du hilaren 23rako. Gauean helduko da Korrika Antxora, Buenavistatik.
Pasaitarrek ia dena prest dute 23. Korrikaren iritsierarako. Hilaren 23ko gauean helduko da herrira euskararen aldeko olatu erraldoia, eta egun horretarako antolatu duten “jai egunaren” berri eman du Antxoko Korrika Batzordeak. Antxo izango baita Korrikak zapalduko duen lehen barrutia.
Lehen hitzordua 12:00etan izango da, lipdub bat grabatuko dute barrutiko kaleetan Antxoko Topagunearen ekimenez. Duela 12 urte egindako egitasmo jendetsua errepikatuko dutela jakinarazi dute. 14:30ean bazkaria izango da Ibaiondo pilotalekuan (txartelak 15 euroan eskura daitezke Txirrita AEKn eta Ibaiondon). Bingo musikatu batek girotuko du bazkaria eta sabelak ongi bete ondoren, miniolinpiadak egingo dituzte. Lehia bukatutakoan, Joselontxo’s txarangarekin dantzatzeko aukera izango da kaleetan barrena. 21:00etan, berriz, elkarteek kozinatutako pintxoak dastatzeko aukera izango da Biterin.
22:30ean Buenavistako biribilgunean biltzera deitu dute, 23. Korrikari behar bezalako ongi etorria egiteko. Lehenik, Txirrita AEK euskaltegiko ikasleek hartuko dute lekukoa, 22:50ak inguruan.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Korrika Tonbola ere izango da aurten. Txartelak euro batean izango dira salgai, euskaltegian bertan eta herriko tabernetan, ostegunetik (orduan abiatuko da Korrika Irundik) aurrera.
Ordutegia
AEK-k aurreikusitako ordutegiari erreparatuz, 22:50ak inguruan sartuko da 23. Korrika Antxora. Barrutia zeharkatu ondoren Trintxerpe eta San Pedrorako bidea hartuko du euskararen festa erraldoiak. Portura iristean une magiko batez gozatzeko aukera izango dute beste behin pasaitarrek: ontziz pasako baita lekukoa Pasai Donibanera. Bertatik Lezora joango da Korrika, 23:33ak inguruan sartuko dela aurreikusi du AEK-k.