'Sehaska kanta gorriari', martxoko antzezlana
Oiartzungo Antzerkizaleen Elkartearen programazioaren hurrengo geltokia igandean izango da. Ama-alaba harremanean, ahizpa arteko harremanean, eromenean, norbere buruaren barnean gertatzen den bidaia da.
Datorren igandea hileko hirugarrena da, eta horrek esan nahi du Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak antolatutako programazioaren txanda dela. Arta kolektiboak Sehaska kanta gorriari antzezlana taularatuko du Landetxen, 19:00etan hasita.
Sarrerak, ohi bezala, udalaren sarreren web orrialdean eros daitezke, 8 euroan. Antzezlana Alaine Agirreren Bi aldiz erdibitu zinen nitaz, ama eleberrian oinarrituta dago.
Sinopsia
“Erditu, erdibitu, bitan banatu, banandu… Badago benetako erditzerik? Nola garatzen da zeure burua sostengatzeko gaitasuna? Eta beste bat sostengatzekoa? Nola jakiten da ama izan nahi duzun edo ez? Nire gaitz guztiak transmititzen badizkiot haurrari, edo haurrak atentzio asko behar badu, bakarrik sentitzen bada, galdu egiten bada, hil egiten bada… Eta berriz erotzen banaiz? Erotzen naizenean min ematen badiot? Eta nire alabari egin diezaiokedan okerrena bere ama izatea bada?
Ama-alaba harremanean, ahizpa arteko harremanean, eromenean, zaintzan, norbere buruaren barnean gertatzen den bidaia baten murgiltzen gara antzezlan honetan. Obra multidiziplinar baten bidez, Alaine Agirreren lengoaia poetikoa, edertasuna, mina, sakontasuna eta begirada agertokira ekartzen ditugu, mutazio kontrolaezina akziora eramanez, geure burua erdituko dugulakoan, edo agian ez.”
Fitxa teknikoa
- Jatorrizko obra: Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama Alaine Agirre.
- Sormena: Irene Balzategi, Amaia Castañeda eta Gentzane Martinez de Cestafe.
- Antzezleak: Irene Balzategi eta Amaia Castañeda.
- Zuzendaritza: Gentzane Martinez de Cestafe.
- Bideo sormena: Itziar Bastarrika.
- Argi diseinua eta teknika: Jaione Azkona.
- Soinu disenua: Muare taldea: Maddi Gerriko eta Eli Beraza.
- Jantziteria: Marodi sorkuntzak.
- Diseinu Grafikoa: Jone Taberna.
- Argazkiak eta teaserra: Renata Etanowski.
- Kanpo begirada: Laura Penagos.
- Produkzioa: Arta Kolektiboa eta Irazan Gunea.
- Laguntzak: Oñatiko Udala, Irazan Gunea eta Egile Sariak (Gipuzkoako Foru Aldundia).
- Eskerrak: Begoña Urrestarazu, Miren Arkauz, Marisol Astrain, Edgar De Pedro.