Aldarrikapenez jositako greba eguna egin dute Pasaiako udal langileek
Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko sektore publikoan deituta zegoen grebarekin bat egin zuten Pasaiako udal langileek atzo. Besteak beste, soldata igoera eskatu zuten, "eskualdekoekin parekatu" ditzatela exijituz.
Pasaiako udal langileek greba egin zuten atzo (hilak 13), sektore publikoko langileen eskubideen alde ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek deitutako mobilizaziorekin bat egin zuten langileek. Orotara, 150.000 langile inguruk bat egin zuten atzoko aldarrikapen egunarekin, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian. Pasaian, udaletxean elkarretaratzea egiteaz gainera, auto karabana bidez ere adierazi zituzten euren aldarriak.
Atzoko mobilizazioetan zenbait aldarrikapen egin zituzten langileek. Lehenik, lanpostuen balorazioa egitea exijitu zuten eta horri lotuta %10eko soldata igoera ere eskatu zuten, “eskualdekoekin parekatu” ditzatela exijituz, “erosahalmena berreskuratzeko” asmoz. Enplegua “sortu eta egonkortzea” ere eskatu zuten, baita jardunaldiaren murrizketa, “32 orduko lan astearen norabidean”.
Horrez gain, “zerbitzu duin eta kalitatezkoak” aldarrikatu zituzten. Lan kargak ere arintzeko eskatuko zuten, eta langileen osasuna berma dadila. Politika feministak ere eskatu zituzten, “berdintasun plan erreal eta eraginkorra adostuz”. Azkenik, lanean euskaraz aritzeko eskubidea berma dadila eskatu zioten udalari.