Arditurriko Bide Berdeari buruzko informazioa, webgune eta aplikazioan
'arditurribideberdea.eus' webgunean interesgune garrantzitsuenak jaso dituzte. Aplikazioan gida birtuala eta jokoa sartu dituzte.
Oiartzungo Udalak eta Oarsoaldea Garapen Agentziak Arditurriko Bide Berdearen informazioa jasotzen duen webgunea eta eskuko telefonorako aplikazioa sortu dute. Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programari esker, Lehentasunezko Jarduera Zonaldeei bultzada emateko plan bereziaren bitartez finantzatu da tresna hori.
Tresna berri horiekin eskualderako turismoa sustatu nahi dute.
Webguneari dagokionez, lau hizkuntzatan dago: euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa. Bide Berdearen zein zeharkatzen edota inguratzen dituen herriei buruzko informazioa kontsulta daiteke, “modu erraz eta bisual batean”.
Mapa interaktiboa du, eta ibilbidea ikus daiteke bertan, Arditurriko meategietaraik Errenteria-Oreretaraino. Lezorekin eta Pasaiarekin dituen loturak markatu dituzte baita ere.
Arditurriri buruzko informazioa ere aurki daiteke, eta hura bisitatzeko sarrerak eros daitezke bertan. Horrez gain, bidean zehar eta inguruan aurki daitezken interes-puntu eta baliabide bisitagarrien informazioa ere ematen da. Aiako Harria Parke Naturala; trenbide zaharraren aztarnak; Soinuenea eta Luberri museoak; Fanderiako errota eta Jantzien Zentroa…
Oarsoaldeko udalerriak ezagutzeko ibilbideak ere eskaintzen ditu, baita ere informazio praktiko osoa ere.
App-a, info eta jolasekin
Webguneaz gain, aplikazio bat ere sortu dute, telefonorako. Gida birtuala du, eta GPSak gidatuta, gune interesgarrienetara irits daiteke. Audiogida, argazkiak eta 360 graduko irudiak aurki daitezke bertan.
“Arditurriraino iristean”, gaineratu dute, “meategiaren eta trenbidearen XX. mendeko hainbat momentu erakusten ditu 3D birsortze interaktiboak”.
Gainera, familientzako jolas bat dauka. Arditurrira iristean, bidearen bukaeran, jolas daiteke, eta”familia osoarentzako” dela jakinarazi dute. “Misterioz beteriko mundu batean sartu eta intxixu eta basandereen laguntzaz meatzearen barruan ezkutatu duten Aiako Harriaren bihotza berreskuratzeko erronka izango dute ausartzen direnek”.