Zilibito Records eta wikiemakumeei aitortza, Korrikan
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak herrikide batzuekiko "harrotasuna" adieraziko du euren kilometroan: Oiartzungo Wikiemakumeak eta Zilibito Records.
Hilaren 24ko lehen minutuetan pasatuko da hasi berri den Korrika Oiartzundik. Hamabi kilometro egingo dituzte guztira, Arraguatik Lesakako mugaraino.
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea izango da tarte horretan lekukoa eramango duen eragileetako bat. Gaur jakinarazpen bat egin dute, lau haizetara: herriko bi taldek eramango dute lekukoa, haien lanari aitortza egite aldera. Zilibito Records eta Oiartzungo Wikiemakumeak izango dira aitortza jasoko dutenak.
Aitortza horren arrazoia azaldu dute: “Korronte handien kontra, oraindik gehienak ez bagara ere, asko gara bazterrak euskaraz bustitzen ditugunak, dendan, lantokian, eskolan, etxean, parkean, lagunartean… Gu denok egiten dugu euskara, gu gara euskara eta euskara izaten jarraituko dugu; euskaraz baikara zoriontsu, euskaraz baikara gu!”.
Emakumeen presentzia handitu
Oiartzungo Wikiemakumeak taldea lau oiartzuarrek sortu zuten 2021ean: Izaskun Madariaga, Josune Igoa, Ane Lardi eta Jaione Ugaldebere. “Oiartzungo emakumeak ikusaraztea, haien presentzia handitzea eta Wikipediako euskarazko edukiak elikatzea dute helburu. Aupa zuek!”.
“Wikipediatik musikara” pasatuko dute lekukoa, eta Zilibito Recordsekoak izango dira aitortza jasoko duten besteak. “Gazte hauek (Ekain Telletxea, Jurgi Arbelaitz, Eñaut Arbelaitz, Xabier Bergaretxe, Manex Mitxelena, Aner Orbegozo eta Ander Goenaga ) 2023ko Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi berri dute eta kontzertuak ematen ari dira han eta hemen. Bachata, pop punka, hyperpopa, trapa… euskaraz! Bejondeizuela!”.
Aurtengo Korrika aitzakiatzat hartuta, bi belaunaldi “eskuz esku” arituko direla nabarmendu dute. “Batzuetan korrika, besteetan ttur-ttur, euskaraz herri harroa osatzen jarraituko dugu!”.