Emakumeen bi paretako dejada Arkirunen eskutik
Arrakastatsua izan da Koldobike Gezala Eskuz Banakako I. Pilota Txapelketa. Arrakasta hori ez da kasualitatez iritsi: Arkirun Pilota Klubaren barruan emakumeen taldea sendo ari da urratsak egiten.
Martxoaren 8aren harira Arkirun Pilota Taldeak antolatutako Koldobike Gezala Eskuz Banakako I. Pilota Txapelketak zapore gozoa utzi du (emaitzak ikusteko joan oarsoaldea.hitza.eus webgunera). Larunbateko finalean, esaterako, 260 ikuslek bat egin zuten pilota ikuskizunarekin, eta goi mailako lehiak ikusi ahal izan ziren. Osotara 11 kidek eman zuten izena banakako lehiarako.
Hori guztia ez da kasualitatea, lanketa baten ondorioz iritsi da. Izan ere, Arkirun klubaren barruan emakume pilotarien taldea dute, eta sendo ari dira lanean emakumeentzat garai batean urrun zen kirol horretan espazioa irabazteko. Hamazazpi lezoar dira egun klubaren emakumeen topaguneko partaide, 12 urtetik 40tik gorako adin tartekoak. Honakoak dira: Udane Zabala Olarra; Maialen Pikabea Huete; Ane Askasibar Lopetegi; Aintzine Gaztelumendi Cuesta; Iratxe Araiz Molinero; Itxaso; Gema Legorburu Arbelaiz; Irati Lobete Sistiaga; Maialen Lobete Cienfuegos; Larraitz Aranburu Salaberria; Maddi Fernandez Mogollon; Sara Dorronsoro Alegria; Nere; Nahia Sarasola Zabala; Garbiñe Lozano Real; Garazi; eta Ane Aznar Ugalde.
Herriko erraketistaren omenez egindako pilota lehia ez zen izan herrian emakumeentzat propio egin zen lehena. Izan ere, iazko Josetxo Etxandi Pilota Oroitaldian haien txapelketa izan zuten sei bikoterekin, eta aurretik ere bikote mistoen partaide izan ziren emakumeak. «Emakume horiek elkartzea erabaki genuen, taldea sortzeko. Josetxo Etxandiren ondoren jarraitzeko gogoz ginen. Arkiruni egin genion proposamena, eta aurrera», azaldu du Maialen Pikabea taldekideak.
Ostegunero entrenatzen dira Koldobike Gezala pilotalekuan, 18:00etatik 20:00etara. Hamazazpiko partaideen kopurua handitu nahi dute, eta eskuzko pilotarekin bat egin nahi duen emakume oro deitu dute taldekide izatera. Maiatzean bikotekako beste txapelketa bat antolatuko dute, Arkirunen ikasturte bukaerako jardueren harira.
Banaka egin zuten Koldobike Gezala txapelketa. «Apustu ausarta izan zen hori», esan du Pikabeak. Lehiak izandako erantzuna ere baikor baloratu du lezoarrak: «Lehen aldiz emakumeen pilota txapelketa bat herrian. ‘Nola egingo duzue hori?’, galdetu zidan baten batek, kuriositatez. Baina herriaren erantzuna oso ona izan da, partidetan izan diren ikusleen kopurua ikustea besterik ez da hori berresteko».
Ahalduntzea, kiroletik
Kiroletik ere emakumeen ahalduntzean eragin daiteke. Arkirungo pilotariez gain, Emaion harri tira taldea lehen urratsak egiten ari da, eta Lezoko Emakume Korrikalarien Taldea egunez egun indartzen ari da, adibidez. «Zoritxarrez, egun oraindik ez ditugu gizonen aukera berberak kirolean. Baina lanarekin aurrera egin daiteke. Hori demostratzen ari gara. Gazteenek kirolean erreferenteak izatea ere inportantea da, adin ezberdinetako emakumeak biltzea garrantzitsua den bezala. Aukerak zabaltzen ari gara, eta datozen belaunaldiei ateak ireki behar dizkiegu. Gure momentuan, gazte-gazte ginela, ez genituen aukera hauek izan», nabarmendu du Pikabeak.
Espazioak irabazten ari dira, beraz, adin ezberdinetako emakumeen batzearekin. Adibidez, Arkirunen 12 urteko bi kide, 16ko bat, eta hortik gorakoak dira beste guztiak.