Luzuriagan oinezkoei lehentasuna emateko sistema ezarri du udalak
Pibote batzuk jarri dituzte Antxoko Luzuriaga eremuan, "gunea autoetatik libre uzteko eta oinezkoen eskubideak errespetatzeko".
Pasai Antxoko Luzuriaga eremuan “oinezkoei lehentasuna” emateko sistema bat ezarri berri du udalak. Pibotez osatutako mugak jarri dituzte, “gunea autoetatik libre uzteko eta oinezkoen eskubideak errespetatzeko”.
Mikel Garcia zinegotziaren arabera, bizilagunen eskaerei erantzun diete ekintza honekin, eta bereziki haurren eta mugikortasun urria dutenen beharrak jarri dituztela “erdigunean”. “Askotariko kexak eta eskaerak jaso ditugu bizilagunen partetik, eta horiei erantzuten ahalegindu gara”, esan du. Eskalantegi 45eko fatxadatik hurbilen dagoen oinezkoen gunea ibilgailuz josita zegoela aitortu du Garciak, eta “funtsezkoa” zela egoera horri irtenbide bat ematea. “Adingabe asko joaten dira egunero bertara oinez, eta euren segurtasuna bermatzeko ezinbestekoa da autorik gabeko pasabideak sortzea”, erantsi du.
Pibote ugari jarri dituzte dagoeneko baina datozen egunotan gehiago ezarriko ditu udalak, Luzuriagako aparkalekua eta Eskalantegiko espaloia bereizteko, oinezkoentzako pasabidearen zabalera errespeta dadin.
Pasaian aparkalekuarekin arazo bat dagoela aitortu du Garciak, eta agintaldi hasieratik gaia lantzen ari direla esan du. Ordenantza berri bat garatzen ari dira, “aparkalekua berrantolatu eta egungo beharrei erantzuteko”, haren hitzetan. Ordenantza hau indarrean sartu aurretik proposamenak jasoko dituzte. Araudi berri indarrean sartu arte “behin-behineko soluzioak” emateko konpromisoa hartu du Garciak.