Oiarpe, 20 urte talde lana saretzen
Oiarpe pilota elkartea 2003an sortu zen, guraso talde baten ekimenez, Oiartzunen zegoen hutsunea betetzeko asmoz. Hurrengo asteburuan ospatuko dituzte klubaren lehen bi hamarkadak.
Oiarpek bi hamarkada pasatxo darama lanean Oiartzunen, esku huskako pilota modalitatea sustatzen. 2003an sortu zuen guraso talde batek, zegoen hutsunea betetze aldera. Eusebio Agirrezabala klubeko lehendakariak gogorarazi duenez, garai hartan Oiartzunen ez zegoen «fundamentu handirik», eta pilotari gazteak kanpora eraman behar zituzten entrenatu eta lehiatzera. «Lehenago zeuden batzuekin hitz egin, eta esku pilotako kluba sortzeko pausoa eman genuen, Oiarpe Kirol Elkartea sortzeko», gaineratu du.
Joxe Juan Esnaola izan zen lehenengo entrenatzailea, eta «pixkanaka» hasi ziren. Juanito Lekuona Txaparre eta Angel Ezponda ere aritu ziren lan bertsuetan. Ondoren Ioritz Manterola —utzi zuen baita ere— eta Asier Retegi hasi ziren entrenatzaile lanetan. Retegirekin batera —zuzendaritzako kide ere bada—, gaur egun, Ander Imaz pilotari profesionala eta Iñigo Ugalde ere aritzen dira betebehar horietan.
Kategoria guztiak kontatuta, adierazi du Agirrezabalak, 140 pilotari izatera iritsi ziren. Gero kopurua murriztu zen, Haur Mailatik beherakoak Eskola Pilota egiten hasi zirelako duela 15 bat urte. Hori momenturik garratzena izan zen klubarentzat, Retegiren arabera. «Eskola Pilotan, erremintako beste bi modalitaterekin —pala eta zesta— batera egin behar da esku huskakoa, benjaminetan. Sistema ona ala txarra den baloratu gabe, Oiartzungo haur batzuk beste herri batzuetara joaten hasi ziren, esku huska bakarrik aritzeko aukera zutelako. Oiarpe sortu zen Oiartzungo haurrei bertan aritzeko aukera emateko, hori izan zen helburua; exodo bat egon zen, eta horrek bai eman zigula mina».
Xabier Landa zuzendaritza taldeko kideak nabarmendu duenez, udalari eskaera egin diote eskuz aritu nahi dutenek beste bi modalitateetan aritzeko derrigortasuna berrikusi dezan. «Badago potentzial bat eskuz bakarrik aritu nahi duten pilotariena, eta beste herri batzuetara joan ez daitezen», erantsi du Landak. Retegik esan du hasieran bi urtez aritu behar zela hiru modalitateetan, baina orain bakarrera murriztu dela.
«Pentsatzen dugu, esku huska aritu nahi dutenek benjaminak eta kimuak guk hartuz gero, pilotazaletasuna hobeto sustatuko litzatekeela. Oiartzuarrak dira Haur Mailara arte txapelketa pribaturik jokatzen ez duten bakarrak». Retegiren ustez, lau urtetan ez jokatzeak ondorioak izan ditzake, nahiz eta orain kluba «momentu on» batean dagoen. «Partida eta zaletasuna soka batekin lotuak daude, nahi ala ez. Parte-hartzea polita da, baina lehiak zaletasuna sustatzen du; zaletasun horrek, kopuruak; eta kopuruak, maila. Behin kategoria batera iristean —Gazte Maila, esaterako—, kirolean jarraitzeko bermea ematen dizu mailak. Eta hortik datoz emaitzak».
Herriartekoa, hirutan
Momenturik gozoenak —ez dira gutxi izan— zerrendatu dituzte Oiarpekoek. Herriarteko Pilota Txapelketak eman dizkio klubari unerik onenak. 2013an irabazi zuten lehen aldiz, eta 2022an eta 2023an errepikatu zuten. Gainera, 2014an, 2017an eta 2021ean finalera iritsi ziren. Hilabete eta erdi barru hasiko da aurtengoa, eta gogotsu daude horretarako. «Herriarteko bat irabaztea da elkartearen osasunaren adibide», ebatzi du Retegik.
Bere esanetan, urte batean irabaztea toka litekeen zerbait da, «pilotari on batzuk elkartuta». 11 ekitalditan sei aldiz finalera iristeari eman dio meritua. «Belaunaldi aldaketa bat egonagatik, segitu da maila ematen. Batzuetan hobeto egin daiteke, besteetan ez hainbeste, baina zerbaiten ondorio da».
Bi pilotari profesional eman ditu Oiarperen harrobiak —Andoni Ugalde eta Ander Imaz— eta hori «hurrengo pauso» bezala definitu du Retegik. Beraien helburua pilotari profesionalak sortzea ez dela berretsi dute Oiarpeko zuzendaritzako kideek, baina etortzen bada, «ongietorria» izango dela. «Lehia-zaletasuna-kopurua-maila-garaipenak loturaren emaitza da», berretsi du Retegik.
Oiartzun herri pilotazalea dela iritzi dute. Profesionaletara Joxe Juan Esnaola, Juan Bautista Galardi eta Sebastian Mendizabal iritsi direla nabarmendu du klubeko lehendakariak. «Oiarpe sortu arte, hala ere, basamortu bat izan zen», gaineratu du Agirrezabalak. Retegiri teknifikazioko irakasle batek behin esan zion Oiartzunen pilotari onak beti izan zirela, baina ez zutela Gazte Maila pasatzen. «Imaz eta Ugalderen kasuan, goraino iritsi ziren oinarri bat izan zutelako aurretik».
Zaletasunari dagokionez, behera doala uste du Retegik: «Garai batean arraroa zen Kontzejupera joan eta mutil kozkorrak pilotan jolasten ez ikustea. Gaur egun zaila da norbait ikustea…». Landak aisia eskaintzarekin lotu du hori, orain dela hogei urte baino «eskaintza zabalagoa» dagoelako. «Horrek guztiak eragina izan du, eta dauka. Beste herrietan gauza bera esaten dute».
Horren adibide bat eman du Retegik: «Haur Mailan, 15-16 pilotari izan ohi ditugu, baina sartu berri diren azkenak, hiru besterik ez dira. Kadeteetan dezente ditugula egia da, eta Gazte Mailan, sei. Egia da, zorionez, gehixeago irauten dutela. Mantenduko bagina Haur Mailan eta kadeteetan 15-16rekin, eta Gazte Mailan 6-8rekin, ongi. Hortik behera, arrisku latza dago egitura hausteko. Jubeniletan jende gabe geratzen bagara, kadeteetatik seniorretara inor ere ez egoteak haustura ekar lezake. Horrek esan nahiko luke aurretik ere haustura egon dela».
Futbolak arazo hori ez duela gaineratu du, eta gainontzekoek buruarekin keinu eginez baietsi dute. Gazteek 12-14 urterekin hartu behar dute kirola aukeratzeko erabakia, zirt edo zart, eta gehienek baloiaren alde egiten dute.
Gazteak erakartze horretan, Landak gogorarazi du neskak erakartzen saiatzen ari direla. Haur Mailako emakumezko pilotari bat ari da klubean. «Xanistebanetan beti antolatzen dugu partidaren bat, jaialdietan saiatzen gara beti baten bat sartzen… Gainera, uztailean topaketak egiten ditugu Madalensoron, emakumeek pilota ezagut dezaten, bertako giroa eta abar. Kontziente gara zaila dela».
Retegik esan du adin batetik aurrera ezinezkoa dutela neskek mutilekin batera jokatzea, desoreka handiak baitaude. Hala ere, jakinarazi du Gipuzkoako Pilota Federazioa «lan handia» egiten hasi dela, eta hainbat herritako emakume pilotariak elkartzen ditu. «Gaur egun badituzte erreferenteak, Masters Cup edo Ados Pilota, adibidez. Gero bidea irekita daukate, neska horren ibilbidea ez da Haur Mailan bukatuko, badute eskuz jarraitzeko aukera. Lehen, ez».
Oiarpek emakumeen pilotari ikusgarritasuna eman diezaiokeela uste du, kanpoko pilotariak ekarriz eta pilotan aritu nahi duten nesken bidelagun izaten. «Entrenamenduetan mutilekin arituko dira, baina txapelketak antolatuko dituzte federazioak eta enpresak; saiatzen ari dira horretan. Guk ahal dugun guztian lagun dezakegu. Gaur egun, dugun kopuruarekin, ezin dugu emakumeen atalik sortu. Etorkizunean, nork daki…».
Talde lana, landu
Pasa den asteburuan, urrutira joan gabe, garaipenaren eztia dastatu zuten Oihan Etxeberria eta Unax Landak, 22 urtez azpiko Euskal Ligako finala irabazi ondoren. Hala ere, Retegik zehaztu du pilotari onak eduki daitezkeela, horrela suertatu delako. Retegik atzera egin du, Herriartekora: «Balio handiagoa du horrek, egin den lana islatzen baitu. Iritsi gara txapelketa horretako finalera, pilotari oso destakaturik izan gabe». Landak nabarmendu duenez, Herriartekoan, 15-16 pilotarik jokatu ohi dute, hiru mailak —kadeteak, jubenilak eta seniorrak— kontuan hartuta.
«Oiartzun eredu da hor. Beste herriek ezin dute hori egin, eta egin dezaketenek, ez dute egiten», gaineratu du Landak. Retegi aritzen da hautatzaile lanetan, eta esan du berak ez duela nahi «betiko seiek» jokatzea, eta gainontzekoek harmailetatik begiratzea. «Begira dagoenak partida bat jokatzen badu, beste batek beste bat… Nahiz eta finala ez jokatu, txapeldun sentituko dira baita ere, parte hartu dutelako. Ahal baldin bada, gustatzen zait besteei ere aukera ematea. Eskertu egiten dute, eta sentitzen dira partaide. Seik jokatuko dute finala, baina besteen babesa bestelakoa izango da. Horrek talde giro izugarria sortzen du».
Landak, bere aldetik, Herriartekoa irabazitakoan egin izan dutena nabarmendu nahi izan du: pilotariei, sei txapela eman beharrean, hamasei eman dizkiete. «Uste dut ez duela beste inork egin, guk bakarrik», esan du Landak. «Partida garrantzitsuak guztiak dira», ñabardura egin du Retegik, «eta finala ez jokatzeagatik ez du esan nahi txapelduna ez zarenik. Seikote batekin txapelketa irabaztea zaila da, maniobrak egiteko jende gehiago behar duzu. Txapelketak irabazi ditugunean ere, asko sufrituta irabazi dugu, pilotariak falta izan direlako. Talde lana garrantzitsua da».
Herriartekoan ez ezik, denboraldiko gainontzeko emaitzak ere jardun kolektiboaren emaitza direla nabarmendu du Landak. Egitura horren garrantzia anekdotatxo batekin berretsi du Retegik: «Gogoan dut aitak aspaldi egin zuen komentarioa: ‘Titin, Oiartzunen jaio izan balitz, ez litzateke pilotari izango’. Egitura hori falta zen, talde lan hori. Orain txapelak irabazten dituztenak kontziente dira besteen laguntzagatik dela, ez direla bere kabuz horra iristen».
Hala ere, kolektiboaren indar hori ez dute jokalarietara mugatu: entrenatzaileak, zuzendaritzakoak, gurasoak, ostiraletan Madalensorora hurbiltzen diren zaleak… «Mekanismo horiek guztiek ez badute funtzionatzen, ez du ezerk funtzionatzen». Elkarteak berak «ahalegin berezia» egin du giroa sortzeko, eta gurasoek eurek prest daude beti laguntzeko. Gainera, sare sozialen bitartez partekatzen dituzte emaitzak eta gainontzeko bazkideen artean (urtean 10 euro direla gogorarazteko aprobetxatu dute), komunitatea sortuz.
Oiarpe elkarte itxia ez dela aldarrikatu dute. «Herriko elkarte bat da, herriarentzako». Herriko eragile eta komertzioen ekarpena eskertu dute. Oiartzuar guztiak gonbidatu dituzte Madalensorora, bai giroa ezagutzera edo kide izatera. «Ateak zabalik ditugu».
Hogeigarren urteurreneko ospakizunei ginga hurrengo asteburuan jarriko diete. Oiarpek jaialdia antolatu du gaur zortzirako. 21:00etan hasiko da pilota jaialdia, etorkizuneko pilotariekin. Haurren Mailako pilota partida mistoa jokatuko dute lehendabizi. Adur Martinez eta Aiur Apezetxeak osatutako bikoteak Unai Iturain eta Jare Ziaurritz izango ditu aurrez aurre.
Ondoren, beste bi partida jokatuko dituzte, Oiarpekoek besteekin nahastuta: Eñaut Lizeaga (Astigarraga, Mundarro) – Mikel Leonet (Oiarpe) / Oier Zabaleta (Oiarpe) – Endika Santesteban (Zubieta, Oberena), batetik; Beñat Apezetxea (Goizueta, Umore Ona) – Unax Landa (Oiarpe) / Oihan Etxeberria (Oiarpe) — Markel Lizeaga (Hernani), bestetik. Sarrerak 10 euroan salduko dituzte txartelegian, Madalensoron (bazkideek, 5 euro).
Larunbaterako —hilak 23— bazkaria antolatu dute, kantxan bertan. Pilotariak, gurasoak, jarraitzaileak eta beste elkartu nahi dituzte. Haurrentzako menuak 13 euroko prezioa izango du, eta helduentzako banketeak, 38 eurokoa. Txartelak Madalensoroko bulegoan eros daitezke, datorren asteartean, 18:00etatik 20:00etara (goitik sartu behar da).