Bi hamarkada geroago, berriro eskolartekoan ari da Xenpelar
Hemezortzi urteren ostean, berriro ari da Xenpelar Bertso Eskola Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan. Indartsu dator harrobia, 10-14 urte arteko ia ehun ikasle ari baitira Xenpelarren trebatzen.
Hemezortzi urteren buruan, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan da berriro Xenpelar Bertso Eskola. Xenpelarreko bost ikasle ari dira txapelketa horretan: Jare Antzizar Salvador eta Julen Olaizola Lizarazu dira horietako bi. Antzizarrek hileko lehen ostiralean jokatu zuen kanporaketa: «Urduritasunez bizi izan nuen unea, batez ere saio hasiera. Uste dut ez nintzela kontziente hemezortzi urteren ondoren egiten ari ginen urratsarekin. Harrotasuna ere, behar nuelako pausu hori eman, eta erakutsi nire buruari, gai ginela hori egiteko». Olaizolak gaur jokatuko du txapelketaren kanporaketa Oiartzungo Girizia elkartean, beste bost bertsolarirekin lehiatuta: «Pare bat aste daramat oso urduri. Irakasleak prest ikusten nauela dio, eta espero dut dena ondo ateratzea. Ikusiko dugu».
Errenteria-Oreretako haur eta gazteen artean bertsolaritzaren osasun egoera zein den galdetuta, gazteen artean aukera ohikoa ez dela aitortu dute, baina haurren artean itxaropentsu izateko arrazoiak badirela diote. Izan ere, ia ehun ikasle ari dira Xenpelar Bertso eskolan, «baina egia da 16-18 urte arteko gazteen artean ez dela afizio ohikoa», uste du Antzizarrek. Iritzi berekoa da Olaizola: «Gu hasi ginenean, 10 urterekin, seizpazazpi ginen, eta orain ia ehun. Gurea bezalako herri batean asko da hori».
Bertsolaritzak zer duen berezi galdetuta, «engantxatzen» duela dio Antzizarrek. «Pentsatzen eta sentitzen duzun hori helarazteko beste modu bat da, hitzez harago, doinua, neurria, eta bestelako arauak betez esan nahi duzun hori esaten lortzea». Olaizolak beste sentsazio batzuei erreparatu die: «Bat-batekotasuna, urduritasuna, eta amaitzen ari zarenean hartzen duzun lasaitu hori itzela da». Harago jo du, «bertsolaritzak familia egiten du».
Finala, apirilaren 12an
Kanporaketa faseak jokatzen ari dira une honetan eskolartekoan, lau izango dira denera. Horietan seina bertsolari eta finalerako txartel zuzen bakarra. Lau sailkatuko dira, beraz, finalera saio horietan, eta beste bi puntuazioaren zain geratuko dira. Finala apirilaren 12an jokatuko dute sei bertsolarik. Xenpelar Bertso Eskolako Kattalin Arabolaza Palomo oiartzuarrak finalerako txartel horietako bat eskuratu du dagoeneko.
Bertsolaritzarekin lotutako ametsak badituzte bi gazteek. Antzizarrek, bere burua proban jarri eta noraino heltzea duen ikustea, «martxoaren 1ekoa, plazaratzea izan zen, nire buruari erakustea kapaz nintzela. Ea noraino iristea dudan». Olaizolak, berriz, luze iraun nahi du bertsolaritzan: «Irabazi edo ez, ondo pasa nahi dut, eta batez ere ahalik eta luzeena izatea espero dudan bideaz disfrutatzea: Xenpelar Bertso Eskolarekin ahalik eta urrutien heltzea».
Aho batez aukeratu dute bertsolaririk onena dena eurentzat: «Andoni Egaña. Hitzekin jolasteko abilezia ikaragarria du». Xenpelar Bertso Eskolari aipamena; etxea dutela diote, «familia da guretzat». Olaizolak aitortza egin nahi izan dio irakasle duten Arkaitz Oiartzabal Xamoa-ri: «Gidaria da, eta iritsi bagara berari esker izan da. Bertso eskolaren arima da, bera gabe ez litzateke. Bertsolari gisa Egaña aukeratu dugu, baina Xamoak badu bere mamia, Gipuzkoako irakaslerik hoberena da».