[Erreportajea] Gazteen eskutik heldu da loraldia
Dagokien lekua aitortzeko galdegingo dute Ernaik Lezon antolatutako gazte topagunean parte hartuko duten gazte independentistek. Hausnarketarako eta jairako espazioak uztartuko dituzte hiru egunez.
Gazteen topagunea egingo du Ernai gazte antolakundeak gaur zortzi hasi eta hilaren 31ra arte Lezon. 3.000 gazte independentista bilduko ditu Gazteon Eskutik! iniziatibak Loratuko da udaberria lelopean, helburu argi batekin, «lehen lerroa hartzea». Gazteen egoera mahai gainean jarri eta aurre egiteko proposamen konkretuak eta alternatibak «loratuko» dituztela azaldu dute, eta bide horretan, Lezoko topagunea «mugarri» izango dela iragarri dute.
Oreretako Ernaiko kidea da Alaitz Aguado. Hark aletu ditu xehe hitza-rentzat topagunearen gainekoak. «Gazteei dagokigun lekua aitortzeko eskatuko dugu. Sistema eta mundua dauden moduan daudela, eta horiek aldatzeko aukerarik ez dagoela sinestarazi nahi digute. Baina oso bestelakoa da errealitatea: argi utzi zuten hori Greba Feminista Orokorrak, edota euskararen aldeko mobilizazioek, eta gazteok parte hartu dugu horietan. Gazteok ez garela mugitzen zabaldu da, eta indibidualizatuta gaudela onartu behar badugu ere, egia da gazteok ere kezka handia dugula, mugitzen ari garela eta guk dugula Euskal Herria eraldatzeko hitza, baita independentzia lortu edota beste espazioetan eragiteko ahalmena ere».
Topaguneak zein helburu dituen galdetuta, argi dio Aguadok: «Urtean behin gazte mordoa biltzen ditu hausnarketa egiteko, Euskal Herrian ditugun kezkak mahai gainean jarri eta aztertzeko, baita Euskal Herritik kanpoko esperientziak gurera ekartzeko ere. Gazte asko-askorentzat politizatzeko espazio bakarra da topagunea, hausnartzeko, ikasteko eta desikasteko. Horrekin batera, topagunea kezka beren bueltan ari eta gizartea eraldatzeko gogoa eta indarra dugun gazte ugari dagoela erakusteko unea eta espazioa ere bada, bakarrik ez gaudela ohartzekoa».
Emakumeak lehen lerrora
Gazte antolakundeak egindako azken topaguneetan emakumeak lehen lerroan jartzeko, «bai oholtzan, bai antolaketan», urrats ugari egin dituztela jarri du nabarmen oreretarrak: «Topagunearen abestian azken bi urteetan emakumeak izan dira lehen planoan, indar handia jarri dugu emakumeen ahalduntzean eta antolakuntzan, oholtza gainean zein topagunearen bueltako beste alorretan ere». Aniztasunari ere aipamena egin dio Aguadok, «oso anitza da egitaraua, kontuan izan dugulako gazte guztiak ez garela berdinak, eta denei eman behar zaiela tartea».
Euskal Herriko gazteen egungo erradiografia egitea eskatuta, sistemaren helburuak argiak direla dio: «Alternatibarik ez dagoela esaten digute, sistemak indibidualistak nahi gaitu, geurekoiak, gure zilborrari begira ‘beste biderik ez da’ logikaren barruan». Zalantzarik ez du gazteak, ordea, Euskal Herrian atzerako bueltarik ez duen «loraldia» eman dela: «Zaintzaren grebak, euskararen aldeko mobilizazioek, ikasleen borrokek Euskal Herrian indarra badela jarri dute ageri-agerian; ari da zer edo zer mugitzen. Egia da, jende asko mugitu behar dela oraindik ere, baina bada jendea, eta bada indarra. Arazoa ikusten dugu, eta ikusten dugu irtenbidea eman behar zaiola».
Hortaz alternatiba badagoela zalantzarik ez du, «lehen lana gure artean saretzea da, arazoak mahai gainean jarri eta asko-asko hausnartzea. Hortik helduko da irtenbidea, eta guztion artean adostu beharko dugu».
Topagunearen aurkezpenean Ernaik egindako adierazpenak ekarri ditu gogora gazteak. «Argi dugu garai ilun eta nahasi hauetan bestelako eredu, ideia eta borrokek duten gaitasun eraldatzailea; eta argi dugu gazteon eskutik etorriko direla. Argi dugu ere, gazteon bizi baldintzen gaineko eztabaida zabaldu zein egoerari alternatibak loratzeko borroka ziklo oso bat irekitzeko anbizioa eta indarra dugula». Euskal Herrian bizi nahi duten gazteak direla dio. «Gazte independentistok asko daukagu esateko. Lokatzetan sartuko gara, eztabaidatuko dugu, lan egingo dugu, zikinduko gara, eta denon artean gure neurrira egindako herria errealitate bihurtuko dugu Lezon».
«Gazte askorentzat politizatzeko espazio bakarra da topagunea, ikasteko eta desikasteko»
«Alternatibarik ez dagoela esaten digute, sistemak indibidualistak nahi gaitu, geurekoiak»
Alaitz Aguado. Oreretako Ernaiko kidea.
Independentzia erdialdean
Lezora bilduko direnak, «gazte independentista, feminista eta sozialistak» izango direla dio Aguadok. Lehenari begirada berezia luzatu dio gazteak eta kezka azaldu, independentziaren aldeko aldarria «albo batera» gelditzen ari den uste osoa duelako: «Euskal Herri askea nahi dugu, beti izan da independentziaren aldeko borroka eta aldarria mahai gainean, eta egun, bigarren plano batean gelditu da». Euskal Herria feminista izateko, lehenik Euskal Herria izan behar duela dio; eta Euskal Herria izateko, berriz, feminista, ezinbestean: «Dena dago lotuta. Herri honek hizkuntza bat du, badu nortasun bat, baina badirudi gazteok ez dugula pertenentzia sentimendu hori Euskal Herriarekiko. Feminismoarekiko badago, eta ongi etorria da, baina independentziaren aldeko sena hori ez dago gure agendetan». Sinistuta dago Ernai hori hartu, bere egin eta borrokatu egin behar duela, «independentistak gara, independentzia nahi dugu, Euskal Herri aske bat; bilatzen dugun eraldaketarako ezinbesteko faktorea da independentzia».
Lezok bigarrenez hartuko du ezker abertzaleko gazte antolakundearen topagunea; 2008an ere egin zuten bertan. «Azpiegitura egokiak eskaintzen ditu halako tamainako topaketa antolatzeko, batetik. Bestetik, nabarmena dena da eskualdean, Oarsoaldean, gazteak ari direla antolatzen, badagoela mugimendu bat, eta hori hauspotzea ere bada asmoa».
Gaur zortzi hasi eta bi egunez egitarau askotarikoa antolatu du Ernaik Lezon. «Gazteok izango gara protagonistak, historia kontatu eta egingo dugunak, eta horretarako egitarau zabala antolatu dugu». Tailerrak eta hitzaldiak bi egunetan izango dira —ostirala 29 eta larunbata 30ean—egunerokotasun betea eta bereziki gazteen artean kezka pizten duten gaiak lantzeko. Gatazka eta eraikuntza feminista; Herrialde Katalanetako ikasle mugimendua; komunikazio politikoa; krisi ekosoziala; bizitza duinak; utopiak nazio askapenean jokatzen duen papera; etorkizunera begirada EH Bilduren lehendakarigai Pello Otxandianoren eskutik; Italiari begirada ere egingo diote; eta adin txikikoen zein gazteen artean kezka iturri bihurtu den pornoaz ere mintzatuko dira, besteak beste, mintegi horietan.
Europa eta bertan ematen ari den autoritarismoaren eta gerren areagotzea ere hizpide izango dituzte topaketan, estaturik gabeko nazio zapalduen aukerak aztertzeko testuinguru horretan. Gazte eszena musikalari ere begirada, eta zalantzarik gabe, Palestinaren gaineko hitzaldia ere ez da faltako.
Horiek hitzaldiak eta hausnarketari zabaldutako espazioak izango dira, baina bertaratzen direnak dantzan ere jarriko dituzte: «Horretarako belaunaldi berri bati eskainiko diogu oholtza». Musika ostiralean, ondokoek jarriko dute: Mugan, Ameba, DJ Fresa Morango, Txopet, La Fulana, Amooma, Mafalda, Elektrotxufla, eta Andoni Ollokiegik. Larunbatean, berriz, Tribade, The Lio, Hofe x 4:40, Eire, Ganibet, Ithaka, Xiberoots, Herenegun, Bonbadil Sound System, DJ Azkura, DJ Xaukena Xauk, DJ Eromena eta Elektrokele elektrotxarangarekin gozatzeko aukera izango dute kontzertuen karpa erraldoian.
Hori guztia gutxi balitz, egunez, hainbat tailer eta ekitaldi ere antolatu dituzte. Horien artean batzuk aipatu ditu Aguadok: Drag Showa, gazte bazkaria, bertso saioa, Porrotx, edota gazte sortzaileen azoka.
Guneak
Horiek guztiak hartzeko hainbat gune atondu dituzte. Hala, egunez, Jantokia eremua zabalik izango da Lezo Herri Eskolako jolastoki estalian. Gezala Auditoriuma, ludoteka, eta Txerrimuño baserria ere agertoki bihurtuko dira. Gurutze Santuaren plazan eta Goiko Plazan ere ondu dituzte ekitaldiak. Azken horretan karpa jarriko dute, eta bertan izango dira hitzaldietako asko. Kontzertuak, berriz, Algeposa aldean izango dira. Akanpatzeko gunea Altamira auzoaren goiko aldean ezarri dute, baserri eremuan egongo da kokatuta.
Txartelak erosteko aukera oraindik ere zabalik dagoela gogorarazi du Aguadok, Lezoko Tiñelu tabernan bertan eros daitezke, 25 euroan egunekoa, eta 45 euroan bi egunekoa. Online ere bada aukera, bibe.me web orriaren bidez.
Bazkari handia antolatu dute larunbaterako (hilak 30) Jantokia gunean. Menua honakoa: fideua, edaria, postrea eta kafea. Salneurria, berriz, 8 euro. Txartelak topagunean bertan jarriko dituzte salgai, hilaren 29an.
Gazteek Lezora zergatik joan behar duten galdetuta, arrazoi ugari eman ditu Aguadok: «Askotariko gazteak bilduko garelako, gure artean oso ezberdinak eta kezka komunak partekatzeko aukera izango dugulako. Zure egoeran, zure kezka berekin edota antzeko ikuskera duten beste gazteekin batera aritzeak indarra ematen duelako. Azkenik, ongi pasatzeko aukera paregabea izango delako. Ez galdu honen parte izateko aukera, elkarrekin hausnartu, ikasi eta dantzatzeko horrelako beste aukerarik ez da gurean. Etorri, gozatu, parte hartu eta hunkitzeko parada izango dugu bertan, zer gehiago eskatu daiteke?».
Parte hartzeko deia egin du gazte oreretarrak, baita laguntza eskaera ere Lezora gerturatuko diren gazte horiei guztiei. «Bistakoa da denen parte hartzea beharrezkoa dela topagunea aurrera ateratzeko, txandalaririk gabe ezingo genuke tamainako ekitaldi handia aurrera atera, beraz, parte hartuko duten gazte guztiak horretara deitu nahi ditut».
Hilak 29, ostirala
- Tattoo txokoa. 12:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara, Etxarten.
- Escape Room. 12:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara, Etxarten.
- Zunba. 12:00etan, Naiz gunean.
- Bakarrizketa. Saretuz. Motxiladun haurren bizipenak Jare Torralbak antzeztuta. 13:30ean, Naiz gunean.
- ‘Tiro al fatxa’. 15:00etan, Naiz gunean.
- Drag Showa. Xarma Leone eta Divina Comedia dragen eskutik. 20:30ean, Naiz gunean.
- Gatazka eta eraikuntza feministak, hitzaldia. Oihana Etxebarrieta, Alaitz Uriarte eta Uma Ulazia. 12:00etan, Gezala Auditoriumean.
- Herrialde Katalanetako ikasle greba aztergai, hitzaldia. Sindicat D’estudiants dels Paisos Catalans. 12:00etan, ludotekan.
- Aldaketaren errelatoa, hitzaldia. Eraitz Saez de Egilaz, Beñat Jusue, eta Asier Zamorano. 13:30ean, ludotekan.
- Komunikazio politikoa, hitzaldia. Laura Re, Estitxu Garai eta Iraitz Mateoren eskutik. 13:30ean, Txerrimuñon.
- Krisi ekosoziala orain eta hemen, hitzaldia. Gorka Laurnaga, Jokin Bergara eta Aintzane Lekarozen eskutik. 18:00etan, ludotekan.
- Bizitza duinen aldeko udaberria, hitzaldia. Ane Alava, Markel Rio eta Amaiur Arberen eskutik. 18:00etan, ludotekan.
Hilak 30, larunbata
- Porrotx. Lezoko Lau Katu txarangak lagunduta. 10:30ean, Naiz gunean.
- Gazte sortzaileen azoka. 11:00etan, Gurutze Santuaren plazan.
- Marianito pintxada. Pary &Tiza musika jartzaileekin. 12:00etan, Txerrimuñon.
- Bertso saioa. Eli Zaldua Barquin, Joanes Illarregi Marzol, Irantzu Idoate Funosas, Kerman Diaz Franco, June Aiestaran Iparragirre eta Xabat Illarregi Marzol. 14:30ean, Jantokia gunean (Lezo Herri Eskolako gune estalian).
- Tattoo txokoa. 12:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara, Etxarten.
- Escape Room. 12:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara, Etxarten.
- Negu hurbilak filmaren emanaldia. 17:00etan, Gezala Auditoriumean.
- Bizitza duinen aldeko udaberria, hitzaldia. Ane Alava, Markel Rio eta Amaiur Arbe. 18:00etan, ludotekan.
- Guk utopikook, hitzaldia. Lur Albizu eta Mikel Urdangarin. 10:30ean hasita, ludotekan.
- Etorkizunera begirada, hitzaldia. Pello Otxandianorekin. 12:00etan, Naiz gunean.
- Italiaren itzalpetik, hitzaldia. Trinacria. 16:30ean, ludotekan.
- Pornoa. Desira, morala eta plazera, hitzaldia. Iñigo Etxezarreta eta Lorea Gurutxarrai. 16:30ean, Naiz gunean.
- Europa argi ilunen garaian, hitzaldia. Ainhoa Bueno, Iker Eizagirre, eta Martin Arbeo. 18:00etan, ludotekan.
- Oholtzatik iraultzara, hitzaldia. DJ Fulana, Ekaitz Telletxea, eta Irune Elgezabal. 18:00etan, Txerrimuñon.
- Begirada bat Palestinari, hitzaldia. FPLP Palestinaren Askapenerako Herri Fronteko Majed Dibsi. 10:30ean, Gezala auditorioan.