Agian ez dakite, baina euskara dira
Lezoko Korrika Txikia oso koloretsua eta parte hartzailea izan da. Lekukoaren eramaileek ezin harroago eraman dute mezua Goiko Plazatik Saldisera.
Beharbada ez dakite ziur zergatik antolatzen den Korrika. Agian, euskararen normalizazioak trabak besterik ez dituela jasaten esaten bazaie ez dute arazoa non den ulertuko. Akaso, Ipar Euskal Herrian baxoa eta brebeta azterketak euskaraz nahi dituztela azaltzea konplikatuegi gerta daiteke. Ziurrenik, euren guraso edo senideak euskaldundu diren, edo euskalduntzen ari diren tokiak Oroitzene AEK izena duela gutxi axolako zaie. Baina gaur Lezoko Korrika Txikian parte hartu duten haurrek badakitena da euskara inportantea dela, hitz egiten ez bada jostailu hautsien kaxara sartu beharko dela, eta euskara eskolan erabiltzeko hizkuntza bat baino gehiago dela. Bizitzeko dela. Eta haiek, haurrak ere, euskara direla. Korrika euskara da. Haurrak gaur Korrika eta euskara izan dira Lezon.
Goiko Plazan hasi da Lezoko Korrika Txikia, eta herriari itzuli esanguratsua eman ondotik Karlos Saldise plazaren zabalguneak jaso dut bukaerako ekitaldia. Kolore asko han, eskuko gailu elektronikodunekin guraso eta senide asko ere bai. Baina horko inportanteena Lezo Herri Eskolako eta Pasaia-Lezo Lizeoko bina ikaslek irakurritako mezua izan da. Zalapartaren erdian, isilunea nagusi izan da Saldisen. Den-denek entzun dute mezua, haur, gazte eta heldu. Umeek esana, denentzat izan dadila baliagarri (ondoko bideoan ikus daiteke mezu oso-osoa). Korrika Txikia bukatzeko askari goxoaz gozatu dute denek, hori ez dadila falta.
Biharko egun handiaren zain (behean egitaraua), hemen jarraian doaz Lezoko Korrika Txikiaren bideoa, eta hainbat argazki.
- 14:00etan, herri bazkaria Karlos Saldise plazan. Txartelak Oroitzene AEKn eskura daitezke, baita 607 59 88 71 telefono zenbakira deituta ere. Helduen menua: 17 euro; haurrena: 7 euro. Menu barazkijalea ere badago.
- 16:00etan, bingo musikatua Karlos Saldisen.
- 17:00etan, Goiko plazan, kuadrillen arteko sokatira txapelketa (16 urtetik gorakoentzat). Bitarte horretan haurrentzako herri jolasak izango dira. Kuadrillen sokatira txapelketan izena emateko 626 14 66 39 telefono zenbakira deitu behar da (gutxienez sei kideko taldeak).
- 18:00. Elektrotxarangaren irteera herritik.
- 20:00etan, afari merienda Saldisen.
- 20:30ean, berriz ere elektrotxarangaren irteera.
- 21:30ean, Txirbilla Sound System.
- 23:36an, 23. Korrika Lezora iritsiko da.
- 00:00-02:00, DJ Kalimoustro Lezon.
Martxoak 24 (igandea). 23. Korrikaren bukaerako festa Baionan.
- Baionako bukaera ekitaldietara joateko autobusa antolatu da. 09:30ean aterako da Sotxo paretik. Autobuseko txartelak Oroitzene AEKn daude salgai, 15 euroan.