Oiartzoren ate irekiak, apirilaren 9an
17:30ean zabalduko dizkiete ateak ikastolaren berri izan nahi dutenei. Batxilergoko aurrematrikula epea apirilaren 8tik 19ra artekoa da.
Oiartzo batxilergo ikastolak familientzako ate irekien saioa antolatu du apirilaren 9rako. Ikastola ezagutzeko eta zalantzak argitzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. 17:30ean irekiko dituzte ateak hara hurbiltzen direnentzat. Aurrez ez da txandarik hartu behar. Batxilergo ikasketak egiteko aurrematrikula epea apirilaren 8tik 19ra artekoa da.
Ikastetxeko arduradunek adierazi dute Oiartzok batxilergo modalitate nagusiak eskaintzen dituela, “horren osteko edozein ikasketarako sarbidea ahalbidetuz”. Ikasleek euren interesen araberako aukerako gaiak aukera ditzakete, “modu guztiz askean”.
Oiartzungo Haurtzaro Ikastolak eta Orereta Ikastolak 1990ko hamarkadaren bukaeran jarri zuten abian Oiartzo. “Bi ikastoletako ikasleei zien eskualdeko gazteei batxilergo euskalduna, hurbila, kalitatezkoa eta aukera zabalekoa eskaintzeko helburuz”, hezkuntza zentrotik nabarmendu dutenez. Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen barruan da, beraz. “Gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen lantalde egonkorra dugu. Besteak beste, ikasleen emaitzak dira horren guztiaren lekuko”.