Asturiasko musikariak Errenterian, Atlantikaldia dela eta
Herri Arte Eskolakoak hasi dira jaialdiari dagokien prestaketekin. Aurten, Asturiasko artistekin egingo dute elkartrukea.
Aurten ere Herri Arte Eskolak bere alea jarriko du Atlantikaldian laugarren urtez, eta hasi dira dagoeneko prestaketa lanetan. Oraingoan Asturiasko artistekin egingo dute elkartrukea, eta horren harira bertako kide batzuk Errenterian izan dira martxoaren 14tik 16ra bitartean.
Herri Arte Eskolako irakasle zein ikasleekin ekitaldi nagusiko entseguak egiteaz gain, Asturiasko musika eta dantza tradizionaleko emanaldi didaktikoa egin dute, eta baita hainbat musika instrumentu eta dantza ikastaro ere. Hain zuzen, aipatutako ekintzak burutzeko eta euskal doinuetan murgiltzeko aukera izan dute Pola de Sieroko Fitoria taldeko lau kidek.
Herri Arte Eskolako irakasle eta ikasleek lehen egonaldi honetako erabaki artistikoa lantzen jarraituko dute, irailean beste 3 eguneko egonaldi bat egingo baita.