Pabinsako zubian sare irristagaitza jarri du udalak
Antxoko eremuan dagoen egurrezko zubian jarri dute sarea. Oinezkoen irristaketak prebenitzea da sarea kokatzearen helburua.
Pasaiako Udalak jakinarazi duenez, Pabinsa eremuko —Antxon— egurrezko zubian sare irristagaitza jarri du. Modu horretan, oinezkoak irrista daitezen prebenitu nahi dute.
Hilaren 11n metro bateko zati batean egin zuten proba, eta eraginkorra zela frogatu ondoren, zubi osoan jartzea erabaki zuten. Udaleko Zerbitzuetako langileek pasa den ostiralean —hilak 22— bukatu zuten sarea jartzeaz.
Neurriari esker bizilagunen segurtasuna hobetuko dela ziurtatu du Iraitz Pazos Zerbitzuetako zinegotziak, “batik bat izozteek, hezetasunak edo euriak eragindako erorketa eta estropezuak saihestuz”. Pasabidearen beraren mantenua ere luzatuko dela ziurtatu du udalak.