Lezoko euskararen kale erabileraren datuak aurkeztu dituzte
Ikerketa Soziolinguistika Klusterrak egin du. Lezoko euskararen kale erabileraren datuak %29,1ean kokatu dira, zifra hori azken hogei urteetako baxuenetako bat delarik. Datuek "kezkarako arrazoiak" sortu dituzte.
Mikel Arruti Lezoko alkateak eta Iker Salaberria Euskara zinegotziak agerraldia egin dute gaur Soziolinguistika Klusterrak 2023ko udazkenean Lezoko kaleetan hizkuntzen erabilera neurtzeko egindako azterlanaren berri emateko.
Salaberriak aitortu du ikerketan bildutako datuen bilakaerak “kezkarako arrazoiak” sortu dituela; izan ere, euskararen kale erabilera %29,1ean kokatu da Lezon, eta zifra hori azken hogei urteetako baxuenetakoa da. “Azken urteetan erdararen erabilera indartzen ari da, euskararen kaltetan”, esan du Euskara zinegotziak.
Salaberriaren esanetan, Lezon antzemandako joera “nahiko orokorra” da antzeko beste herri askotan ere. Hori dela eta, herriko faktoreez gain, euskararen erabileran eragiten duten faktore orokorretan ere arreta jarri behar dela zehaztu du. “Gaur egungo hizkuntza politika ahulak, bizi dugun oldarraldi juridiko, politiko eta ideologikoa, ikus-entzunezkoen eragina…”, aipatu ditu Salaberriak.
Adin taldeen arteko elkarrizketei dagokionez, haurrak eta nagusiak nahastuta daudenean egiten dela euskara gehien esan du udal hautetsiak, elkarrizketen %47a euskaraz egiten baitira. Haurren artean euskararen erabilera %34an kokatu da ikerketaren arabera, eta zifra horiek goranzko joera izan dute azken urteotan, 2016ko datuak, esaterako, %22,4an baitzeuden. Bestalde, Salaberriak jakinarazi du helduen artean egiten dela euskara gutxien (%18,1). Hala ere, helduen adin tartean “alde nabariak” daudela adierazi du Euskara zinegotziak. 45 eta 64 urte arteko helduen kale erabilera %15,9an dago, eta 25 eta 44 urte bitarteko helduen zifrak, aldiz, %28,4ra igotzen dira.
Salaberriaren iritziz, Lezoko datuetatik bi ondorio atera daitezke: “Batetik, argi erakusten du gurasoek euren seme-alabei euskara transmititzeko eta eurekin euskaraz egiteko egiten duten ahalegina. Guraso horietako asko, datuen arabera, erdaraz errazago edo erosoago moldatzen diren arren, euskaraz hitz egiten diete seme-alabei. Bestetik, ordea, azken urteotako hainbat azterketetan ikusi den bezala, belaunaldi horiek adinean gora egin ahala, berehala ohartzen dira euren gurasoen, eta oro har, helduen arteko ohiko jarduna erdaraz garatzen dela. Beraz, jokabide bikoitz horrek, haurrekin euskaraz eta helduen artean gaztelaniaz, hizkuntza transmisioaren ikuspegitik eraginkortasun mugatua du, gazteek helduaroko hizkuntza ohikoena, nagusia, erdara dela berehala ikasten baitute”.
Arrutik jakinarazi du kale neurketaren datu guztiak jaso dituen txostena Lezoko Udalaren webgunean eskuragarri dagoela. Salaberriak azaldutako guztiak eta beste hainbat datu bertan kontsultatu daitezkeela nabarmendu du alkateak.
Horrekin batera, alkateak gogorarazi du legegintzaldiko “erronka nagusietako” bat dela “euskararen kale erabilera datuak hobetzea”. Helburu horri erantzunez, Lezo Euskaragarri prozesua martxan dagoela baietsi du Arrutik. Prozesu horren baitan, “udalgintzatik eta herrigintzatik euskararen normalizazioa bultzatzeko ahaleginak bateratu eta norabide berean kokatu nahi” direla adierazi du alkateak.
Apirilaren 9an, hitzaldia
Euskararen kale erabileraren azterketaren irakurketa egiten laguntzeko, eta gaur egungo euskarari buruzko datuek erakusten duten egoeraren “irakurketa zorrotza” egiteko, apirilaren 9an Iñaki Iurrebaso UEMAko adituak hitzaldia emango du Lezon.
Bukatzeko, Arrutik herritar eta eragileak Lezo Euskaragarri prozesuan parte hartzera animatu ditu: “Lezo euskaragarria dela uste dugu. Euskara lezoar guztiei eskuragarri jarri nahi diegu, eta Lezo berriro euskaldun izatea lortzeko ametsa dugu. Horregatik, herritar eta eragile guztiak animatu nahi ditut prozesu hau elkarrekin garatzea, euskararen ezagutza lezoar guztion artean zabaldu eta euskara eroso erabiltzeko espazioak sortu, garatu eta elkarlotzeko bidea marraztuz”.