Sukaldari onenen pare
Euskaldarrak Elkarteak sona handia duen Gastronomia Erakusketa antolatu du hogeita hamazazpigarrenez. Hilaren 8tik 20ra arte egingo dute lapikoak protagonista dituen lehiaketa.
Euskaldarrak elkarteak antolatzen duen Eraskuste Gastronomikoa astelehenean hasiko da. Argazkia: Euskaldarrak elkartea Su txikian ala bizi-bizian, lapiko eta zartaginen artean jakirik goxoenaren prestaketan hasiko dira Oarsoaldeko herrietako 24 elkarte gastronomikoetako ordezkariak. Ez dira sukaldari profesionalak—bete beharrekoetako bat da hori, oinarrietan hala du jasoa Euskaldarrak elkarteak— baina haien pare dauden zalantzarik ez da, eta astelehenean hasita —hilak 8— hilaren 20ra arte jakirik goxoena kozinatzea izango dute egitekoa Euskaldarrak Elkarteak antolatu duen Gastronomia Erakusketaren XXXVII. aldiaren barruan.
Itzal handia du Euskaldarren lehiaketa horrek, ibilbide luzeaz gain soinean. Aurten Errenteria-Orereta, Lezo, Oiartzungo eta Pasaiako 24 elkarte ariko dira norgehiagoka. Hilaren 8an hasita, bi astez, astelehenetik ostegunera hiruna elkarte eariko dira kozinatzen eta euren proposamena prestatzen lehiaketa antolatu duen elkartearen sukaldean. Prestatutako horri nota jartzen berriz, epaimahaia, ez nolanahikoa, izan ere Elena Arzak edota Hilario Arbelaitzen mailako sukaldari ospetsuak izango dira elkarteetako kideek prestatzen dutena dastatzeko eta epaitzeko ardura izango dutenak. Haiekin batera, Basque Cullinary Centerreko profesionalak eta sukaldaritzan adituak diren kazetariak ere izango dira epaimahaikide.
Lehiaketaren antolatzaileek nabarmen jarri dute parte hartzaileen maila handia, “lehiaketan ezin dute parte hartu ostalaritzako profesionalek, eta prestaketa guztiak elkartean bertan egokituz aien egunean egin behar badituzte ere, urtez urte maila handiko platerak prestatzen dituzte, goi mailako sukaldaritzaren sorkuntza duinak eginez”.
Produktu gastronomikoen erakusketa
Elkarteetako ordezkariak kozinatzen duten bitartean, Euskaldarrak Elkarteak herritar guztientzat izango ditu ateak zabalik urtero bezala aurten ere. Jakien prestaketa bertatik bertara segitzeko aukera izateaz gain, egunero-egunero askotariko produktu gastronomikoen erakusketak antolatzen dituzte elkartean bertan erakusketa babesten duten enpresa laguntzaileei esker, eta produktu horiek dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Jokoan lau sari. Irabazleak Mikelazulo garaikurra jasoko du; bigarren sailkatuak, Errenteriako Udalaren garaikurra; hirugarrenak, Leku Zaharra tabernarena; eta laugarren sailkatuak, berriz, Aralar tabernarena. Beste bi sari ere banatuko dituzte urtero bezala: kalitate-prezioa harreman onena duen plateraren sariaren irabazleak De Cyne Reina tabernaren garaikurra jasoko du; Elkarte Gastronomikoetako Ohiko platerik berezienari sariaren irabazleak berriz, Gastro Konturen garaikurra jasoko du.
Sari banaketa hilaren 20an egingo dute 21:00etan erakustaldiaren amaierako afariaren barruan. Ondoko zerrendan kontsulta daiteke egunez egun zein elkarte ariko diren lehian, eta zein produktu gastronomikoren erakusketa izango den.
Erakusketa egunez egun
- Hilak 8, astelehena: Bukagaitz, Ostarte eta Lagunak elkarteak. Eraskusketa gastronomikoa: Oarsoak Beerlagun, Rosarito Frutak eta Leku Berri.
- Hilak 9, asteartea: La Armonia, Niessen, Bierrota elkarteak. Erakusketa gastronomikoa: Donibane Fish, Egiluze Sagardotegia, Pascual Larrieta eta Viguisa.
- Hilak 10, asteazkena: Lore Txorta, Gure Toki eta Landare elkarteak. Erakusketa gastronomikoa: Martiko, Goñi Ardoteka, eta Ramon Bilbao bodega.
- Hilak 11, osteguna: Hnos Camino, San Huberto, eta Yola elkarteak. Erakusketa gastronomikoa: Urkabe Hestebeteak, Rime Wine, Berzal Bodegak eta Schweppes.
- Hilak 15, astelehena: Bizardia, Euskaldarrak eta Altzate elkarteak. Erakusketa gastronomikoa: Urkabe Hestebeteak, eta Anabi banaketak.
- Hilak 16, asteartea: Alkartasuna, Txepetxa eta Batasuna elkarteak. Erakusketa gastronomikoa: Uriña Harategia, Hiruzta txakolindegia, Amstel eta Heineken.
- Hilak 17, asteazkena: Itsas Mendi, Aldeguna, eta Gau Txori elkarteak. Erakusketa gastronomikoa: Luma Gorri, Paella eta Sein Izarra banaketak.
- Hilak 18, osteguna: Ixkulin, Beraun Bera eta Ardi Iturri elkarteak. Erakusketa gastronomikoa: Talogileak, Biañi HArategia, Castillo de Mojardin eta Schweppes.
