Emaion, harria irristarazteko
Emaion Lezoko emakumeen harri tira taldeak martxoaren 9an egin zuen lehen erakustaldia. Iazko udan hasitako egitasmoak jada plaza bat egin du bere, eta askoz gehiagoren bila joateko asmoa dute.
Lezon emakumeen kirola hazten ari da. Ohiko kirolak lantzen dituzten klubetan (Allerruk futbolean, Munttarpek eskubaloian eta Kurkubik saskibaloian) urteak daramate emakumeen taldeak sortzen, eta ahal dela horiek mantendu eta indartzen. Gainera, Arkirun Pilota Klubean hamazazpi dira jada eskuz ari direnak. Emakumeen Korrikalari Taldeak geroz eta atxikimendu zabalagoa du, bertako partaideetako bakoitzaren helburuen araberako mugak jarriz. Bakarka ere asko dira goi mailako kirolean nahiz herri izaerakoan dabiltzanak. Baina herri kirolen alorrean hutsunea zegoen, hazteko, lehenik eta behin sortu behar delako: hori estaltzeko bidean, Emaion harri tira talde sortu dute herriko hainbat emakumek. Lehen erakustaldia herrian bertan egin zuten martxoaren 9an. Zapore gozoko eguna izan zen taldekideentzat, nahiz Goiko Plazan izan ziren ikusle guztientzat.
Nerea Legorburu, Leire Amiano, Ane Viaña, Amaiur Perez, Amaia Oiarbide, Ainhoa Olaizola, Nahia Sarasola, Alaitz Iriarte, Jone Jaunarena, Janire Fernandez, Lierni Etxebeste eta Iratxe Lopetegi. Horiek dira Emaionen partaideak. «Iazko Oiartzungo nahiz Lezoko Sagardo Egunetan herri kirol desafioa egin zuten Lezok eta Oiartzunek. Lezoko gazteek eta beteranoek, gainera, garai batean harri tira desafioa egin zuten. Horri guztia batuz, esan genuen guk ere probatu nahi genuela, harri tiran hasi genuela», zehaztu du Iratxe Lopetegi Emaioneko kideak. Esan eta egin. Zamalbidera joan, harria tiratzea zer den dastatu, eta gustatu zitzaien. Zortzi neska elkartu ziren iazko udan harriari tiraka hasteko. Orain gehiago dira. Ia hutsetik sortutako horri indarra eta plazak emateko desio irmoa dute.
Taldekide ia denak lezoarrak dira, baten bat bada Oiartzungoa nahiz Pasai Donibanekoa. Beraz, Lezotik eta lezoarrekin sortutako taldea da gehienbat. «Zerbait berria da hau. Sekula ez genuen probatu. Baina gogoa zegoen. Kuriositatea genuen. Izan ziren lezoarrak beste herrietako taldeetan —Oiartzun-Astigarraga arteko Emarrin adibidez— harri tiran aritu zirenak. Baina hau berria da herrian», nabarmendu du Lopetegik. Lezoarrak aipatu du egun Euskal Herrian harri tiran dabiltzan taldeak gutxi batzuk direla. Izan zirela dezente, baina horiek apurka desagertzen joan direla.
Harri tiran jardutea ez da, adibidez, korrika aritzea bezalakoa. Ez da zapatilak janztea, kalera atera eta lasterka hastea. Azpiegitura eta lanabes bereziak behar dira. Hala, hasiera batean Emarriko kideek utzi zizkieten tiratzeko gorputzetan jartzen diren egiturak eta harria. Orain, Lezon sortu berri den Sats Kirol Taldearen bitartez erosi dituzte harriari tiraka aritzeko egitura eta harria. Errenteria-Oreretako Zamalbide auzoko Perurenako pilotalekuan entrenatzen dira astean behin, larunbatetan. Baina astean zehar partaide bakoitzak bere kabuz entrenamenduak egiten ditu arlo fisikoa lantzeko. Beraz, denak elkartzen diren bakoitzean harriari tiraka aritzen dira Perurena aldean.
Martxoaren 9koa emozioz beteriko eguna izan zen Emaioneko kideentzat
Indarra, teknika eta talde lana. Horiek dira harri tiran aritzeko osagai nagusiak. Baina jakin behar da bakoitzari dagokion tokia ematen, denen batura delako harriak plazan egoki irrist egitearen ardura. «Esango nuke teknika-indarra aldagaien arteko nahasketa dela harri tira. Indarra behar da, bai. Baina teknikak, tiratzeko erak, denek pausoa elkarrekin eramateak eta elkarrekin tiratzeak, edo posturak mantentzeak garrantzi handiagoa dutela uste dut. Hori guztia aldrebesten bada, indarrak ez du ezertarako balio», zehaztu du Lopetegik. Lezoko erakustaldian 550 kilogramoko harriari egin zioten aurre, eta osotara ia 42 plaza egin zituzten 20 minutuko lanean.
Martxoaren 9a
Memorian betirako gordeko dute 2024ko martxoaren 9a Emaioneko partaideek. Martxoaren 8ko ekitaldien barruan, erakustaldia egin zuten Lezoko Goiko Plazan. Jendaurrean egin zuten lehen saioa izan zen. Emozioz beteriko eguna izan zuten Emaioneko kideek. «Gure aurreneko eguna izan zen plazan. Iazko udaratik ari gara entrenatzen, baina plazaratu gabe ginen. Gonbidapena egin ziguten Lezoko Udalak nahiz Martxoaren 8ko egitaraua antolatzen ari zirenak erakustaldia egiteko. Sekulakoa izan zen», esan du Lopetegik.
Hasieran, Zornotzako (Bizkaia) taldekoekin desafio antzekoa egitea zuten asmo, baina bizkaitarrek ezin izan zuten Lezora etorri, eta etxeko plaza haientzat bakarrik izan zen. «Herriari martxan gaudela erakutsi nahi genion, eta baten batek gurera batu nahiko balu animatzeko ere atera ginen. Oso gustura gelditu ginen. Zure herrian bertan lehen erakustaldia egitea sekulakoa izan zen». Babes sentsazioa izan zuten tiratzaileek, ingurukoak, etxekoak, kuadrillakoak gertu izan eta sentitu zituztelako. «Aurrera jarraitzeko gogo gehiago eman zigun horrek». Sufrimenduzko eta emoziozko 20 minutu izan ziren.
Izan ere, Emaioneko kideen ustez herri kirolen espazioa oso maskulinoa da. Baina martxoaren 9an bezala, aurrerantzean ere erakutsi nahi dute emakumeek ere herri kirolean tokia dutela, emakumeenak ere badirela herri kirolak, nahiz eta bide hori egiten edo sortzen joatea beste kirol batzuetan baino zailagoa izan daitekeen. Bide hori egiteko prest dira harri tiratzaile lezoarrak. Adibidez, ekainean Euskal Jaiak egingo dituzte Lezon, eta ordurako «zerbait handia» prestatzen ari direla azaldu du, pista askorik eman gabe, Lopetegik. «Aurrerago ikusiko da zer egingo den. Desafio bat izango da». Udara begira ere erakustaldiak edo desafioak egiteko prest dira Emaionekoak. «Gu denetara zabalik gaude. Gure lanarekin jarraituko dugu. Baten batek gurekin bat egin nahi badu, edo herriren batean gurekin kontatu nahi badute, hemen gaude. Atera gara».
Emakumeak plazak irabazten ari dira Lezon eta beste herri askotan
Emakumeak plazak irabazten ari dira Lezon eta beste herri askotan. Emaionena beste adibide bat da. Bide luzea egitea da taldekideen asmoa. Horretarako gogoa, ilusioa, indarra eta teknika badituzte. Baita lezoarren bultzada eta hauspoa ere.
Sats
Emaionek Sats Kirol Taldearen aterkipean hasi du bere ibilbidea. Lezon herri kirolen alorrean hutsunea dagoela ikusita, taldea sortzea erabaki dute hainbat lezoarrek. Lehen urratsak egiten ari dira, eta hasierako helburua herrian herri kirolari garrantzia eman eta bertara ahalik eta kirolari gehien batzea da. Emaionen jardunaz gain, bestelako espezialitateak landu nahi dituzte, eta herritarrak hurbilarazteko lan betean dira egun. Martxoaren 23an, 23. Korrika Lezora iritsi zen egunean, kuadrillen arteko sokatira txapelketa antolatu zuten, adibidez, bertako kideek, herriko lagunarteen erantzun handiarekin. Badute nondik hasi tiraka, beraz. 5